782 pertsona gelditu ditu Udaltzaingoak, bizikletan argiak erabiltzeko kanpainan

Aritz Mutiozabal 2026ko otsailaren 7a

Bizikleta bat, atzeko argiarekin. (Intza Trula)

Erabilera egiaztatzeko kontrolak egiten aritu dira bi hilabete hauetan, eta araudia nabarmen betetzen ez zuten 85 erabiltzaile salatu dituzte. Udalak jakinarazi du kontrolekin jarraituko dutela, "erabiltze guztiak dagozkien argiekin zirkulatu arte".

Zarauzko Udaltzaingoa bizikleta erabiltzaileek argien erabilera egiten duten egiaztatzeko kontrolak egin ditu azken bi hilabeteetan herriko gune ezberdinetan. Kanpainaren lehen asteetan, argirik gabe zihoazenei argiztapen gailuen derrigorrezko erabileraren berri ematen aritu ziren udaltzainak, eta ondoren, kanpainaren bere bigarren faseran, argirik gabe gelditu dituzten erabiltzaileei isunak jarri dizkiete.

Guztira, 782 pertsona gelditu dituzte argiztapenarekin egindako irregulartasunen bat zuzentzeko, eta horietatik 85 salatu dituzte bizikletetan argia eramatera behartzen duen araudia nabarmen ez betetzeagatik.

Udaltzaingoak gogorarazi du ezinbesteko dela aurreko argi zuria eta atzeko argi gorria eramatea, baita gauez piztuta eramatea ere. Era berean, baldintza klimatologikoek nahiz errepideko baldintzek hala eskatzen badute argiak jartzeko aholkatzen dute. Jantzi islatzaileak, txalekoak eta kaskoak ere gomendagarriak direla gaineratu dute.

Zarauzko Udalak jakinarazi du kontrolekin aurrera jarraituko dutela, "bizikleta-erabiltzaile guztiek dagozkien argiekin zirkulatu eta, hala dagokionean, piztuta eraman arte, gure kaleetan dabilen beste edozein ibilgailuk bezala". Argiak funtsezkoak direla nabarmendu dute, txirrindularien segurtasunerako eta gainerako ibilgailuetako gidariek ikusteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide