Adinez nagusia dela esan dezake Queens ileapaindegiak, abenduaren 16an hemezortzi urte bete baitziren haren ateak lehen aldiz zabaldu zituztela. Hemezortzi urte, garai hartan 24 urte zituen neska gazte batek abentura berri bati ekin ziotenik. Egun, Loretxu Gurreak 42 urte ditu, horiek ere abenduaren 16an beteak, eta haren "amets txiki" bat zenak bestelako dimentsioa hartu du urteotan guztiotan.
Queens sortu baino askoz lehenago hasi zen Gurrea amets horren lehen haziak ereiten, haurra zela hain zuzen, eta ondo gogoan ditu oroitzapen horiek: "Amarekin kaletik joaten nintzenean, lokalei buruz galdezka ibiltzen nintzen, nirea non ireki nezakeen pentsatuz. Egia esateko, beste arlo asko gustatzen bazaizkit ere, txikitatik oso argi izan dut bide hau jarraituko nuela". Familian ere dendari asko ikusitakoa da, eta bizimodu hori gertukoa egiten zitzaionez hartu zuen bere txokoa irekitzeko bidea. "Jada zortzi bat urtez lanean ari nintzen, eta ikusten nuen jendeak nire eskuetan jarri nahi zuela. Familia eta ingurukoen babesarekin, beraz, Queens ireki nuen", gehitu du zarauztarrak.
Ume izatetik "ardura pila bat" edukitzera igaro zen orduan, eta urte hauetan guztietan "lan asko" egitea egokitu zaio Gurreari, albo batera "gauza asko" utzita. Garai hartan adina ilusio eta gogo izaten jarraitzen du, baina horiek "askoz modu lasaiagoan" bizi dituela dio Queensen sortzaileak, eta "%500 ematetik gutxiago ematera" igaro nahi duela.
Nortasun elementua
Hemezortzi urteotan gauzak asko aldatu direla dio Gurreak, baina nabarmendu du, tendentziak tendentzia, emaitza norberaren araberakoa izaten dela: "Azken finean, ilea zurekin egunero daramazun zerbait da, eta pertsona bezala definitzen zaitu. Gainera, ilean aldaketa bat egiteak bizitzako garai berriak hasi eta zaharrak atzean uzteko ere balio du, eta emozionalki ere asko eragiten duen elementua da".
Queens ile apaindegi bat baino askoz gehiago dela uste du Gurreak, eta atsegin du hori: "Gustatzen zait ezagutzen ez gaituenak kanpotik begiratuta ez jakitea hau ile apaindegi bat den edo ez". Bezero berri edo ohiko, haiei eskertuta dago, "garai zail hauetan herriko dendengan konfiantza izaten jarraitzen dutelako".
Motzean:
- Adina: 42 urte.
- Ikasketak: Batxilergora artekoak.
- Lanbidea: ile apaintzailea.
- Ile apaintzailea ez banintz… dekoratzailea izango nintzake, edo gosariak ematen dituzten leku bat edukiko nuke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… saskibaloian jokatzea, mendi buelta bat ematea eta lagunekin eta familiarekin denbora partekatzea.