Izen handien atzean

Ekaitz Etxabe 2026ko martxoaren 1a

Andoni Garcia Matxain kontzertu bat ematen. (Utzitakoa)

Musikari famatuekin lanean dabiltzan lau artista zarauztar dira Andoni Garcia Matxain, Ilargi Agirre, Ion Ferrera eta Joanes Ederra. Beste musikarien estilo eta nahietara egokitzeak musikari moduan ez ezik, pertsona moduan ere hazten lagundu diela adierazi dute. Urtarrileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Betidanik esan izan da zarauztarrek musikarako zerbait berezia dutela. Hainbat dira Zarauzko herriak eman dituen musikari famatuak: Angel Illarramendi, Francisco Escudero, Jexuxmai Lopetegi… Baita talde arrakastatsuak ere: Skasti, Anestesia, Eraso!... Gaur egun ere, bat baino gehiago dira gorenean dabiltzan musikari zarauztarrak. Asko eta asko igaro dira entsegu lokaletatik eta eskolako gelaxketatik areto handietara. Horietako lau dira, esaterako, Andoni Garcia Matxain, Ilargi Agirre, Ion Ferrera eta Joanes Ederra.

Musika munduan ikasteko eta hazteko bideetako bat izan daiteke musikari famatuekin jotzea. Musikari askorentzat, amets bat ere izan daiteke. Garcia Matxainentzat, Agirrerentzat, Ferrerarentzat eta Ederrarentzat, ordea, amets hori eguneroko jardun bihurtu da. Laurek ibilbide desberdinak egin dituzte gaur egun dauden lekura iristeko, baina denek daukate zerbait komunean: artista desberdinetara egokitzeko gaitasuna. Beraien esperientziek argi uzten dute horrelako proiektuetarako talentuaz gain, diziplina eta profesionaltasuna ere behar-beharrezkoak direla.

Andoni Garcia Matxainen "apustua"

Andoni Garcia Matxainek, beste hainbat zarauztarrek bezala, musika munduko lehen pausoak Jexuxmai Lopetegiren eskutik eman zituen. "10 urte nituenetik tronpeta jotzen dut, baina musika eskolan Jexuxmai Lopetegirekin hasi nintzen, gitarra jotzen", adierazi du. Urteak igaro eta ingeniaritza ikasten ari zela, gitarra jotzea "asko" gustatzen zitzaion, eta "argi" zeukan musika munduan lana izango zuela. Halaxe izan zen. "Ingeniaritza ikasi bitartean lanez lepo ibili nintzen, eta talde desberdin askotan jotzeko aukera izan nuen". Duela bi urtetik Madrilen bizi da, eta erabaki hori hartzean "apustu handia" egin zuela dio: "Etorri nintzenean ez nengoen ziur ingeniari moduan lanean jarraitu nahi nuen. Hartutako erabakian musikak pisu handia izan zuen, eta hemen denbora bat pasata, ehuneko ehunean musikan zentratu nahi nuela erabaki nuen".

Adierazi duenez, 55 edo 60 taldetan jotzeko aukera izan du Garcia Matxainek. Horien artean, izen handiko talde zein artistekin aritu da lanean: "Edurnerekin zenbait ordezkapen egiten aritu naiz, Fermin Muguruzarekin emanaldi puntual bat eman dut, Modus Operandirekin ere aritu naiz, Laurobarekin ere bai, Idoia, Xavibo, Hey Kids… talde eta artista askorekin jotzeko aukera izan dut". Gaur egun freelance moduan egiten du lan. "Artista desberdinek deitzen naute, eta 2026an jotzeko hiru edo lau artistekin hitz egin dut". Edurnek, esaterako, 2026an ez du kontzerturik emango, "diskoa grabatzen" egongo baita. "Musikari gehiagok deituko nautela pentsatzen dut, hau horrela izaten baita", nabarmendu du.

"Nire ogibidea da hau, beraz, profesionala izan dela esango nuke. Beti izaten dira gorabeherak, baina esperientzia oso ona izan da orokorrean". Horrela definitu du Garcia Matxainek nolakoa den horrelako musikariekin lanean aritzea. Berarentzat, "garrantzitsua" izan ohi da zer eta nola jo behar duen ondo adieraztea. "Horrelako gauzak oso ondo errespetatu dituzte ni egon naizen taldeetan, eta alde horretatik zorte handia izan dut, jende guztia oso profesionala izan baita".

Proiektu propio batean lan egitearen eta horrelako artistekin jardutearen artean desberdintasun handi bat dagoela adierazi du: "Modus Operandi, esaterako, gure proiektua zen, beraz, guztiaz arduratu behar genuen. Taldea aurrera ateratzeko guztia gure esku zegoen eta ardura handia geneukan. Edurne, Xavibo eta Hey Kids artistekin, ordea, zein abesti jo behar ditudan esaten didate, furgonetan hoteletik kontzertuaren lekura eramaten naute, kontzertua eman, eta berriz hotelera eramaten naute. Ez daukat bestelako gauzez arduratu beharrik".

Ilargi Agirre eta moldatzeko gaitasuna

Ilargi Agirreren kasua bestelakoa izan da. Klarinetea jotzen hasi zen Zarauzko bandan, eta Bilbon kazetaritza ikasten ari zela, bateriara pasatu zen. Hainbat taldetan jo ondoren, Zarautzera itzuli zen, eta Perlak taldean jo zuen urte batzuetan. "Haiek izan ziren benetan musika munduan sartu ginen urteak", aitortu du. Mirerekin, Joseba B. Lenoir-ekin edo Hatxerekin jo du, besteak beste. Gaur egun, ordea, Iruñeko kontserbatorioan dabil jazz bateria ikasten, eta Gabezin erromeria taldean jotzen du.

Ilargi Agirre musikaria, kontzertu bat ematen. (Utzitakoa)
 

Izen handiko artistekin jotzea esperientzia "aberasgarria eta polita" izan da Agirrerentzat. Musika munduan hasi zenean ez zuen espero "inolaz ere" hainbeste artistarekin jotzerik. Musikari bakoitzak "taldea antolatzeko bere estiloa" izan ohi duela aitortu du. "Jakin egin behar da jendearekin moldatzen eta beraien nahietara egokitzen, baina orokorrean ez dut arazorik izan eta ondo konpondu naiz". Agirreren kasuan, berarekin lan egindako musikariak "oso hurbilekoak" izan dira orokorrean. "Batzuetan aurrez ere ezagutzen zaituzte apur bat, norbaiten laguna zarelako edo. Bakoitzaren lan egiteko estilora eta erritmora egokitzen jakin behar da, baina orokorrean hurbileko jendea izaten da", adierazi du.

Horrek guztiak egun dagoen lekura iristeko bidea argitu dio Agirreri, musikari moduan "hazten" lagundu baitio, baina baita "pertsona moduan" ere. Gauzak horrela, aurrerantzean erronka nagusi bat dauka zarauztarrak: kontserbatorioa bukatzea. "Lau kurtso dira guztira, eta ni hirugarrenean nago. Oso leku exijentea da, eta lan asko egin behar da". Behin kontserbatorioko titulua aterata, musika irakasle moduan egin nahi du lan, musika eskolaren batean. Dena dela, proiektu desberdinetan jarraitu nahi du lanean, betiere, "musikarekin disfrutatuz".

Ion Ferrera, bira ahaztezin baten atarian

Ion Ferrera Alex Ubagoren gitarra jotzailea da duela urtebetetik. Horraino iristeko, ordea, bide luzea egin du. Orokietan hasi zen musika ikasten. "Berez ez nuen nahi, baina amak gitarrako klaseetara apuntatu ninduen", aitortu du. "Hasi orduko" maitemindu zen gitarraz. Lizardi institutuan zebilela ere, bi urtez Jexuxmai Lopetegiren gitarra klaseak jaso zituen, baina horren ostean uztea erabaki zuen. 18 urterekin, ordea, bluesa "deskubritu", eta berriz gitarra jotzen hasi zen. Lagun batzuekin batera, Blue Mins izeneko taldea sortu zuen, eta ordutik ez da gelditu. Besteak beste, Nabasi eta Martin de Marte taldeetan jo du Ferrerak.

Ion Ferrera, kontzertu bat ematen. (Utzitakoa)
 

2024ko Gabonetan, ordea, ezusteko eskaintza bat iritsi zitzaion. "Alex Ubagoren musika zuzendariak deitu zidan; Alexekin jotzeko gai ikusten ninduela eta ea hor jarduteko prest egongo nintzatekeen galdetu zidan". Proba batzuk pasatu ostean, lantaldean sartu zen, eta "hamar bat" kontzertu eskaini ditu jada. 2026an 25 urte beteko dira Alex Ubago lehen aldiz eszenatokietara igo zela eta bira bat egingo du Ameriketan barrena. "Ni ere joan-etorrian ibiliko naiz talde guztiarekin, Ameriketako Estatu Batuetatik Argentina eta Txileraino joango gara", adierazi du Ferrerak.

Aitortu duenez, Ubagorekin aritzeko deia jaso zuenean, bazeukan beldur bat: "Hor dabiltzan ia musikari denak ikasiak dira, Musikeneko ikasle izandakoak gehienak. Ni, aldiz, nire lagunekin lokalean joz ikasitakoa naiz, eta horrek beldur pixka bat ematen zidan". Lana "gogotik" egin behar izan duela adierazi du Ferrerak. "Presio dezente neukan, Alexen aurreko gitarra jotzaileak, Imanol Goikoetxeak, maila izugarria baitzeukan". Hasieran "gogorra" izan bazen ere, gero "izugarri" disfrutatu duela baieztatu du, taldean "ederki" hartu baitute.

Ezbairik gabe, Ubagorekin aritzeak bizitza "aldatu" dio Ferrerari. Lehen leihoen muntaketan egiten zuen lan, baina "gustura" bazebilen ere, aukera hau etorri zitzaionean utzi egin zuen. "Agian musikatik bizi naitekeela ikusi dut, eta aukera bat eman nahi diot horri". Gauzak horrela, gitarrako klaseak jasotzen ari da Donostian, teoria arlo hori "indartu" nahi baitu. "Pasio eta ilusio handiz egiten dudan zerbait da, beraz, irauten duena irauten duela, ongi etorria izango da, eta amaierara iristen denean ziur pozik egongo naizela", azaldu du.

Joanes Ederra, aitaren bidea jarraituz

Ion Ferrera ez bezala, Joanes Ederra musikari ikasia dela esan daiteke. Bere aita Benito Lertxundiren baxu jotzailea izan zen, eta txikitatik hasi ziren anaia eta biak musika jotzen. Geroago, Musikenen baxu elektriko eta kontrabaxu ikasketak egin zituen. Buffalo taldeko kide izan zen, Ander Ederra anaiarekin eta David Gorosperekin batera. Beranduago, "besteentzat" lanean hasi zen: Gozategirekin, Olatz Zugastirerekin, Julen Alonsorekin, Idoiarekin eta Eñaut Elorrietarekin.

Gaur egun Idoiarekin eta Eñaut Elorrietarekin dabil lanean. Adierazi duenez, berentzat "oso polita" da haiekin lan egitea, bien estiloa "asko" gustatzen baitzaio. Horregatik, "nahiko erraza" egin zitzaion egokitzapena. "Batzuetan, hain hurbileko edo gogoko ez dituzun lan batzuk egitea tokatzen zaizu, baina ez da nire kasua. Gozamen bat da beraiekin lan egitea, hurbilekoak eta irekiak baitira. Musikari guztiei uzten digute gure ideiak plazaratzen, eta tratua lagunartekoa da", aitortu du Ederrak.

Garcia Matxainen moduan, Ederrak ere alde nabarmen bat sumatu du proiektu propio batean lan egitearen eta beste artistekin jardutean artean: "Azkenean, proiektua zurea bada, nire kasuan Buffalo bezala, dena zuk egin behar duzu, pertsonalagoa baita. Besteentzat lanean ari zarenean, ordea, ez da zure proiektua, eta ardura gutxiago hartu behar duzu". Hala ere, beste artistekin izandako esperientzietan "askatasun handia" izan duela aitortu du. "Asko hartzen gaituzte kontuan, eta sarritan galdetzen digute gure iritzia zein den. Ederra da horrela lan egitea".

Lau musikarien ibilbideak oso desberdinak izan arren, denek erakutsi dute lana gogotik eginez gero eta egokitzeko gaitasuna izanez gero posible dela eszenatoki handietara jauzi egitea. Garai batean herriko musika eskolan zein lokaletan entzuten ziren doinuak oholtza garrantzitsuetan entzuten dira orain, eta laurek erakutsi dute Zarautzek baduela musikari handiak sortzeko gaitasuna oraindik ere.

Joanes Ederra, kontzertu bat ematen. (Utzitakoa)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide