Gutuna

Neguko arropa eta manta bilketak, ostiralean eta larunbatean, Zarautzen

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatua 2026ko otsailaren 5a

Negu arropa eta manta bilketa. (Urola Kostako Kontseilu Sozialista)

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak neguko arropa eta manta bilketak antolatu ditu asteburu honetarako Zarautzen. Horren harira, ondorengo gutuna helarazi du aipatutako elkarteak Zarautz Gukara.

Bizitza geroz eta garestiagoa da: etxebizitzaren, elikagaien, eta, orokorrean, oinarrizko beharren prezioak goraka segitzen du. Geroz eta pobreagoak gehienak, geroz eta aberatsagoak gutxi batzuk. Pobreziaren aurpegirik gordinenetako bat da etxerik ez dutenena, edo baldintza negargarrietan dauden etxeetan bizi direnena: aterpetxeetan lo egin behar dutenena, gaua pasatzeko pisuetan lo egiten dutenena, gela bakar batean bizi behar duten familiena edo, kasurik gordinenetan, kalean lo egin beste aukerarik ez dutenena.

Errealitate horiek existitzen dira, nahiz eta askotan ez ditugun ikusten. Are gehiago, urtetik urtera ohikoagoak dira: 2022tik 2024ra %24 hazi da zentroetan ostatu hartu behar izan duten etxerik gabeko pertsonen kopurua EAEn, eta 2025ean, 1.500 pertsonak baino gehiagok egin dute egunero lo kalean (2022ko bikoitzak).

Bitartean, etxebizitzak azken hemezortzi urteetako preziorik garestiena du Espainiako Estatuan, eta EAEn prezioen igoera %11,6koa izan da azken urtean. Etxebizitza sektorearen errentagarritasuna inoizko altuena da. Hori horrela, batzuk etxebizitzarekin aberasten diren bitartean, pobretzen jarraitzen du gizartearen zati handienak.

Egoera horrek parez pare jartzen digu egungo gauzen ordenak dakarren kontrastea: guztion ongizatea eta kalitatezko bizi maila bermatzeko baldintzak dauden mundu honen eta baliabide horiek irabazi pribatuak eskuratzera bideratzen dituen sistema kapitalistaren arteko kontrastea, alegia.

Datuek erakusten duten bezala, etxerik gabeko geroz eta pertsona gehiago daude, eta horren arrazoi nagusia etxebizitzaren negozioa da. Izan ere, etxebizitza aberastasun iturri den bitartean, irabazi pribatuak pilatzeko erabiltzen den bitartean, ezingo da bermatu guztiok kalitatezko etxebizitza bat izatea. Ohikoa bilakatzen ari den egoera hori, baina, ezkutuan geratu ohi da, agerian uzten baitu sistemak huts egin duela. Guk argi diogu: etxerik gabeko pertsonak dauden sistema bat, huts egin duen sistema bat da.

Zarautz ez da salbuespena; bigarren eta hirugarren etxebizitzen herrian, pisu hutsen herrian, turismora bideratutako herrian, etxerik gabeko pertsonak daude eta askok gaua kalean pasatzen dute. Horren aurrean, gure apustua honakoa da: etxebizitzaren negozioaren aurka borrokatzea, eta, miseriaren aurrean, klase elkartasuna antolatzea.

Norabide horretan, neguko arropa eta manta bilketak egingo ditugu aste honetan Lege Zaharren enparantzan, udaletxe plazan: otsailaren 6an, ostiralean (17:30-19:30), eta otsailaren 7an, larunbatean (11:00-13:00). Kalean daudenei, etxerik ez dutenei eta, oro har, beharra dutenei emateko materiala bilduko dugu: mantak, lo zakuak, esterilak, eskularruak, arropa, neguko zapatak eta barruko arropa.

Egin zure ekarpena!

Miseriaren aurrean, antolatu dezagun klase elkartasuna!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide