Ondarea eta kultura

Ondharez elkartea 2026ko otsailaren 22a

Garai bateko Zarauzko etxe dotore bateko loreontzi bat. (Ondharez)

Ondharez Zarauzko ondare kulturala babesteko elkarteak Atzera begira atalean idatzitako artikulua da honakoa. Urtarrileko Zarautz Guka aldizkarian kaleratu zen.

Gero eta indibidualistagoa eta geurekoiagoa den gizarte honetan sekulako garrantzia dute irabazi asmorik gabeko elkarte kultural eta sozialek, horietan biltzen baitira bazkide edo ekintzaileak xede jakin batzuk lortzeko asmoz; gure elkartearen kasuan Zarauzko ondare kulturala ikertzeko, babesteko, gordetzeko, herritarren begien aurrean jartzeko eta jasotakoa komunikatu, erakutsi eta zabaltzeko. OndHareZ da horretarako eratu berri dugun elkartea. Orain, hasierako indar bultzada eman nahi genioke, motorrak martxan jarri eta abiatu. Elkarte berria gara eta uste dugu oraindik ez dela behar bezala iritsi gure asmoen oihartzuna iritsi beharko lukeen hainbat lekutara. Ez baita erraza gurea bezalako gizarte batean…

Geure burua aldarrikatu nahi dugu. Lehendabizi, Zarauzko ondareak kezkatzen gaituela esan behar, eta ikertu, babestu eta gorde nahi ditugula ondare hauek: ondasun material higiezinak (eraikin bereziak, baserriak, antigoaleko etxe edo arkitektura elementuak…), ondasun material higigarriak (tresnak, lanabesak, objektuak…), ondasun ez materialak (gure kulturaren parte diren tradizio, ahozko nahiz idatzizko kontakizun, ikuskizun, musika, dantza, antzerki…) eta, orokorrean, beste hainbat ohitura, jai, erritual edo portaera sozial. Gure nortasun kolektiboa eta gure kulturaren adierazgarri izan direla uste baitugu.

Agian, norbaitek pentsa dezake nostalgiaz eta antigoaleko garaien oroiminez betetako pertsona zaharkituentzat sortutako elkartea izango dela OndHareZ, baina ez da horrela; bereziki pertsona gazte eta gogoberotasunez betetakoentzat da interesgarria elkartea, elkartearen bigarren helburu nagusia jakintzaren transmisioa baita.

Pertsona baten bizitza itxaropena 80 urtekoa bada (zertxobait gehiago emakumea izanez gero) aztertu egin beharko genuke nolako aldaketak gerta daitezkeen laurogei urte horietan. 1945ean sei mila bat biztanle zituen herriak (6.760 biztanle 1950ean) eta hogeita hiru milatik gora ditu dagoeneko (23.360 2020ko erroldan). Zenbat aldaketa urte horietan! Eta denak ez onerako. Egia da asko egin dugula aurrera, baina baita ere asko galdu dugula, eta gure ondareetako hainbat eta hainbat hor geratu direla bidean. Galtzeko zorian dauden eta oraindik salbagarri diren ondareak berreskuratzearen alde lan egitea da gure nahia, eta gogoz eta indarrez saiatuko gara horretan, altxor horiek gorde eta salbatzeko asmo sendoz.

Badakizu zenbat txalupa zeuden Zarauzko moilan 1945ean? Eta zenbat dauden gaur egun? Badakizu negu oro nora eramaten zituzten babesteko? Badakizu zer den zanbutua? Eta kodaina? Izan duzu inoiz arrantzarako amu bat zure eskuan? Zenbait arrain motaren izenak dakizkizu?

Egin al duzu zuk zeuk inoiz pilota bat frontoian jolasteko? Ba al dakizu zer den biten jolasa? Pentsatu al duzu badirela makina elektroniko edo mugikorrik gabe jolas egiteko mila modu? Eta badakizu berriak ere asma litezkeela?

Eta horrela, milaka galdera modu berean. Ez dizugu gezurrik esan nahi. Amuak dira. Zure jakin-mina piztu nahi dugu. Gure elkartean zaharrak bezain gazte behar ditugu. Adinaren arabera behetik gora eta goitik behera informazioa ibil dadin, denontzat aberasgarri.

Beste bi adibidetxo-amu amaitzeko. Aspalditik datorren lanbidea da txakolingintza Zarautzen, eta harekin lotutakoak biak. Sagarraren zukutik dator sagardoa eta mahatsarenetik txakolina. Bietan ere frutak sakatu eta ateratzen da muztioa; hondakin gisa geratzen da patsa. Pats hori endreda makila galanta da, gehienetan ez baita ezertarako erabiltzerik izaten. Duela asko, pats horiek erabiltzeko destilategi bat (pats horietatik pattarra edo alkohola ateratzeko enpresa, alegia) sortu zuten Zarautzen. Gabirondo eta Lertxundi abizenekoak ziren eta Destilerias Gabiler deitu zioten enpresa horri. Oraindik etxetxo bat bada horren erakusgarri. Badakizu non?

Bukatzeko, bazenekien Zarautzen txanpaina, kaba edo ardo apartsua egiten zela? Comte de Foucault zuen izena. Eizagirretarrek, Rokenekoek, egiten zuten eta hor Vista Alegreko sarreran-edo zegoen iragarki handia. Urte askotan egon zen ikusgai.

Galdera asko daude erantzun zain. OndHareZek behar zaitu, egiteko edo erantzuteko!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide