Urte berriak leihoa zabaldu du. Gizapediak honela definitzen du leiho hitza: horma batean egindako irekidura zabala, eraikin bateko barrualdea argitu eta aireztatu, eta handik kanpoaldea ikusteko erabiltzen dena (definizioak taxutzen dituztenak benetan txalotu behar, ez baita lan samurra).
Baina trobadoreen garaian maitalearen gordetoki heldu ezina izaten zen. Mende batzuk geroago, eleberri gotikoen (Frankenstein eta abarren) aldian, misterioa, eta izua ere zenbaitetan, iragarri eta ezkutatzen zuen lekua.
Askotan ere, orain eta lehen, udazken epeletan gaixoaren logela argitzen eta berotzen duen elementua dugu. Edo udaberri eguzkitsuetan txori txintak barneratzen diren atea, eta udako gau beroetan freskura pasatzen uzten duen baliabidea.
Ez oso aspaldi, etxekoandrearen begiratokia, bere presentziaz kaleari bizitza ematen ziona. Baita kalean jolasean ari ziren umeen arreta gunea ere, merienda ordua ailegatuta, bertatik bota ziezaieten.
Edo goiz alba baino lehen bizilagunen bat lanera joateko prestatzen ari zela bere argi margulaz jakinarazten zuen seinalea. Edo eguerdietan usain goxoak kanporatzen zituen haizagailua.
Euskal tradizioan txorien pausalekua ere bada, haren hegian kantatzen hasten baitziren, bihotzak alaitzeko edo tristurak azaleratzeko. Eta egun grisetako erauntsietan eta gau ekaiztsuetan babesten gaituen harresia, euri tantak kristaletik irristatzen diren bitartean. Hala ere, horiek gorabehera, leihoek badakite begiluze izaten ere, badakite disimulurik gabe begiratzen, suspense film famatu hartan bezala.
Horiek guztiak eta gehiago dira leihoak hasierako definizioaren ikuspuntua aldatzen edo osatzen badugu. Ez bakarrik kanpoaldea ikusteko, definizioak dioen bezala, barrualdera ere begiratzeko baizik. Bistan da, definizioak ezin du hori guztia jaso, egileek, definizio txukun eta ulerterraz bat taxutzeko, nahikoa buruhaustea dute eta.
Egun, aldiro garbitu beharreko etxeko elementu bat bihurtu dira leihoak, etxeko txokoak eta gainerako tresnak eta altzariak garbitu behar diren bezalaxe. A, eta herriko enpresa baten izen komertziala ere bai.