Kosta egiten zait artikuluok idazten hastea. Zuzentzen dituenaz gain beste norbaitek irakurriko ote dituen zalantzan jartzen dut Googleko dokumentu zuria begiratzen dudanero. Norbaitek irakurtzekotan, ea zenbateraino epaitzen nauen. Ea artikuluok idazteko aukera eman zidana erabaki horretaz damutzen den.
Unibertsitateko ikasle pribilegiatu baten burbuilatik gutxi da kontatzeko edozein zarauztarri interesa dakiokenik. Egia esan, neroni interesatzen zaidanik ere ez dut gehiegi kontatzeko. Inbidia ematen didate egunero zutabe bat idazteko gai diren iritzi emaileek. Googleko dokumentu zuriak behin eta berriro marra zuri belzdun bihurtzeko abilezia dutenek. Aldiz, komeria larrietan nabil ni hilean behin bi mila karakteretara heltzeko. Nire burua engaina nezake kalitatea hobesten dudala esanez kantitatea beharrean, baina sarri nire idatziek bien falta dutela iruditzen zait. Badira, gainera, kontrako kasu asko eta asko nire argumentu narrasa hondoratzen dutenak.
Eskertzekoa da desinformazioak eta clickbait-ak agintzen duten garai globalizatu hauetan bere lana ongi egiten saiatzen diren batzuk behintzat egotea oraindik. Direla kazetari edo direla iritzi emaile, testuak erantzukizunez idazten dituztenak, bozgorailu baten ardurak zenbat pisatzen duten dakitenak.
Aldiz, salbuespenak salbuespen, badira beste hainbat txoriburu, Interneteko guru edo influencer, gazteriaren artean izan daitekeen bozgorailurik handiena dutenak eta ohartu nahi ez dutenak, edo oharturik ongi baliatzen ez dutenak. Noizbehinka bada ere, gatazka sozialei edo gizadi gisa eragiten diguten arazoei erreparatu beharrean, inoiz posizionatzen ez direnak, euren burubuila are pribilegiodunetik ezjakin hutsak direla erakutsiz, eta euren jarraitzaileak ere alienaziora bultzatuz. Desinformazioaren eta clickbait-aren garaiaz gain, erreakzionarioen garaia ere bada, eta biziki beldurtzen nau gazteon isiltasunak gure burbuila orokortuan geroz eta atzerakoiagoa den gizarte baten aurrean.
Topikoetan ez erortzea ere kosta egiten zait, eta urte berriari bete daitezen esperoan nahiak azaltzea da garaiotakoa, beraz, hasi berri dugun 2026ari artaburu bozgorailudun gutxiago eska nahiko nizkioke, burbuilak leher daitezela eta kontzientzia har dezagula.