Gure lagun batek kontatzen du, behin, irakasle batek haren semeari, klasean despistatuta zegoela eta, galdetu ziola: "Aizu, baina non zaude, Saturnon ala Jupiterren ala zer?". Mutil koskorra azkarra izan, eta hala erantzun omen zion: "Zein dago urrutiago?".
Lainoa-ren garaian bizi gara, la nube, the cloud. Eta nik ezin dut saihestu gaztelaniazko esapideaz gogoratzea: estar en las nubes. Orain gutxi arte, klasean arreta beste nonbait zeukana leihotik begira egoten zen maiz, txoriei edo lainoei begira igual, baita bi ilara harago zegoen klasekide ederrari ere… Gaur, arreta galduta, lelotuta, gure munduan gauden askotan, lainoan egon ohi gara. Ederra aurrerapena gurea, txorietatik twitter-era, liburuetatik facebook-era.
Orain dela ia mila urte, Joseph ben Meir ibn Sabarra medikuak zera idatzi zuen: behin moral irakasle bati galdetu omen zioten ea non ikasi zuen moralaz zekiena. Irakasleak erantzun zien ergelei begiratzen ziela, eta berak kontrakoa egin. Baina nola jakin ergela zein den, maisu? Bada, bi ezaugarri omen ditu ergelak: isilik egon ezina eta arreta galtzeko erraztasuna.
Zenbat denboran eusten ote zitzaion arretari orain mila urte? Edgar Allan Poek, XIX. mendean, esaten zuen berak eserialdi batean irakurtzeko moduko testuak idazten zituela. Eserialdi bat, pare bat ordu. To! Gaur ere egon liteke pertsona pare bat orduz eserita, baina Tiktok-eko bideo hiperlaburrei begira, en las nubes baino urrutiago. Izan gaitezen zintzoak, ez al dituzte bada horretarakoxe sortu sare sozial eta aplikazio ez gutxi?
Gregorio Luri filosofo nafarrak aldarrikatzen du arreta lantzeak izan behar duela eskolaren zeregin nagusietakoa, hau da, entrenatzea gai izan gaitezen denbora puska batean zerbait irakurtzen, ikasten edo aztertzen jarduteko. Horixe da, izan ere, inteligentzia, mundua arretaz irakurtzea; horixe da inter-legere, inguratzen gaituena aztertu, ulertu eta erabaki onak hartzea. Alegia, Erdi Aroko mediku hark esandakoa: ez ergela izan.
Badaukagu zeregina: amets egitea bezain inportantea dirudi gaur lainotik jaisteak.