Korapiloa

Loteria tokatu zait

Intza Trula 2026ko otsailaren 7a

Loteriako bolatxoak.

Intza Trula kazetariak urtarrileko Zarautz Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Ez dira urte asko igaro lehen aldiz Gabonetako loteriako dezimo bat erosi nuenetik. Gehienok ondo jakingo duzuen moduan, hogei euro balio du txarteltxo bakoitzak eta, tira, onartu behar dizuet lehen urte hartan kosta egin zitzaidala paper zati batengatik kopuru hori ordaindu behar izatea. Ez nahastu, horrekin ez dut esan nahi gaur egun gustuko dudanik, baina urteak joan eta urteak etorri, aitortu beharra daukat nire dezimoarekin –edo birekin– amaitzen dudala abendua. Gizartearen mareak narama, edo lagunenak, edo lankideenak, edo nik zer dakit norenak.

Kontua da aurten ere irten garela lagun taldea kalera, abenduaren 22an, nork bere dezimoa poltsikoan, diru-zorroan edota mugikorraren atzealdean gordeta zuela. Oporretan gaude, eta eguzkia atera dela ikustean, ziztu bizian ospa egin dugu etxetik, sugandilak izango bagina bezala. Zozketa hasia da ordurako, baina inork ez du horren inguruan ezer aipatu. "Badirudi hitz egiteak loteria ontzitik aterako den zenbakian eragina izan dezakeela", pentsatu dut orduan nire baitan, eta neu ere ez naiz ezer aipatzera atrebitu.

Alabaina, guztiok dakigu dagoeneko zenbaki irabazlea esan dutela telebistan, Interneten ere badagoela, eta sare sozial guztietan ere zabaldu dutela. Urrutira ikusten ditut aiton-amona batzuk, egunkaria irakurtzen, eta ziur nago horiek ere badakitela nork eskuratu duen sari potoloa. Baina denak isilik.

Taldeko ausartenak hitz egin du orduan, eta inork atera nahi ez zuen gaia jarri du mahai gainean: "Zer, begiratuko al dugu ea zerbait tokatu zaigun?". Eskuak poltsikoetan sartu ditugu hitz bat bera ere esan gabe, eta papertxoa atera dugu. Zenbakia altuan irakurtzen hasi da bata, eta saria egokitu zaigun ala ez egiaztatzeko orrialdean dabil bestea. Behin sartu du zenbakia, baita bi eta hiru aldiz ere. Izan ere, inor harritu ez bada ere, ez zaigu ezer egokitu. Edo hori da hasieran pentsatzen genuena.

Mugikorretatik eta paperetatik buruak altxatu ditugu, eta elkarri begiratu bezain pronto, barrez hasi gara, eta emozioak elkar besarkatzera ere eraman gaitu. Orduantxe ohartu naiz: loteria aspaldi tokatu zitzaidan niri.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide