Iñurritzako pilotalekuan saneamendu eta margotze lanak egin berri ditu Zarauzko Udalak. Erakundearen esanetan, "askotan" egin dituzte pilotalekua berritzeko obrak, "baina ez dira emaitza onak lortu". Lehengo pilotalekua urdin kolorekoa zen, eta, oraingoan, berdez margotu dituzte hormak.
Horregatik, azken honetan, udalak azterketa eta tratamendu sakonago bat gauzatu ditu, emaitza ahalik eta eraginkorrena izateko. Esaterako, aurretik zegoen pintura guztia kendu eta inpermeabilizazio lanak egin dituzte. Halaber, margotze lanekin hasi aurretik, konponketa lanak egin ziren hormetan. Azkenik, guztia margotu zuten, eta sare berriak ere jarri dituzte.
Brigadaren eta hainbat enpresaren artean gauzatu dituzte egin beharreko lanak, astebeteko tartean. Guztira, 32.265 euroko kostua izan dute.