Aizkorri-Aratz mendilerrora irteera antolatu du Pagoetak larunbaterako

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 3a

Aizkorri-Aratz mendilerroa.

Arabako ekialdeko mendietara irteera antolatu du larunbat honetarako Pagoeta mendizale elkarteak. Ajuria Urigoitia lantegitik Aratz tontorrerako bidea egingo dute, eta Asparrenako fabrika zaharrera itzuliko dira ibilbidea bukatzeko.

Arabako ekialdeko mendietan ibiliko dira Pagoeta mendizale elkarteko kideak larunbatean. Asparrenan dagoen Ajuria Urigoitia lantegian hasiko dute txangoa, eta handik Aratz tontorrerako bidea egingo dute. Hasitako leku berean amaituko dute ibilbidea, Euskal Herriko industrializazioaren ikurretako bat izan zen fabrikan.

07:30ean elkartuko dira mendizaleak Agoues biribilgunean, eta Araia (Araba) aldera joango dira autobusez, bospasei ordu inguruko ibilbideari ekiteko. Aizkorri-Aratz parke naturalean barrena ibiliko dira 11,5 kilometrotan, eta Allarteko mendatetik igoko dute eguneko lehen gailurra, Imeleku (1.419 metro). Aratzarteko mendatera pasatu ostean egingo diote aurre Aratz mendiari (1.445 metro). Duela hiru urte antolatutako txangoan ez zuten Aratzera iristea lortu, beraz, arantza kentzeko aukera izango dute mendizaleek larunbatean. Mendizale elkarteak jakinarazi duenez, zailtasun ertaineko ibilbidea izango da, 850 metroko desnibel positiboa baitu.

Parte hartzeko interesa dutenek lotura honetan topa dezakete ibilaldiaren inguruko informazio guztia. Bestalde, irteeran parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea. Mendizabal kinkila dendan egin daiteke inskripzioa. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide