Zelaiondo Bol&Tok kirol klubeko kideek txapelak jantzi dituzte Aian jokatutako Gipuzkoako binakako bola txapelketan. Bi kategoriatan lortu dituzte zarauztarrek garaipenak, emakumezkoetan zein gizonezkoetan.
Emakumezkoetan, Goreti Beloki eta Elena Aldaz Gabiriko Pake Galdosi eta Naiara Peñagarikanori gailendu zitzaien, 76 brilla eta 65 emaitzarekin. Kanporaketa lau bikotek jokatu zuten.
Gizonezkoetan, berriz, Jesus Moralesek eta Txema Fernandezek osatutako bikote zarauztarra Zerain, Ibarra eta Seguratik joandako kirolariei gailendu zitzaien, 96 brilla eta 91, 83 eta 81, emaitzekin, hurrenez hurren. Hamar bikote aritu ziren finalerdietan, eta lau sailkatu ziren finalera.
Ezin pozago dira Zarauzko klubeko kideak, eta arrakastatzat jotzen dute Aian lortutakoa, "erakutsi baitu irmotasunez eta entrenamenduekin emaitza onak lor daitezkeela".