Gipuzkoako azoketara kontsumitzaile berriak erakartzeko helburuarekin, Gipuzkoako Azoken Sarea lantaldeak Azokatik Mahaira sukaldaritza tailerrak antolatu ditu lurraldean zehar. Zarauzko Udalarekin elkarlanean, larunbat honetan egingo dute sukaldaritza tailerra Merkatu plazan.
Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute saioa, eta herritar guztiei irekia izango da; 11:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Bertaratzen direnek zuzenean ikasi ahalko dute garaian garaiko produktuekin etxean modu azkarrean eta erosoan egin ahal izateko errezetak; alde batetik, ohiko plateretatik pixka bat urruntzen diren proposamenak aurkeztuko dituzte, eta bestetik, osasuntsu jateak duen garrantzia azpimarratuko dute, elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak azalteaz gain.
Tailerrean kozinatuko dituzten platerak zuzenean dastatzeko aukera egongo da saioaren amaieran. Horrez gain, errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dituzte jende artean. Oro har, Azokatik Mahaira egitasmoko tailerrak hiru helbururi erantzun nahi dio: azoketara kontsumitzaile berriak erakartzea, bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratzea eta xahuketa ekiditea