Inauteriak ospatzeko prest dago herria

Intza Trula 2026ko urtarrilaren 31

Inauterietako aurkezpen ekitaldia, Euskalduna tabernan. (Intza Trula)

Otsailaren 13tik 15era bitarteko egitaraua prestatu du Zarauzko Udalak. Ostegunean egin zuten jaien aurkezpen ekitaldia, kartel lehiaketako sari banaketarekin batera: Maialen Azkue zarauztarrak irabazi du aurtengo edizioa.

Inauterietako programazioaren berri eman zuen ostegunean Zarauzko Udalak, Euskalduna tabernan egindako agerraldian. Bertan azaldu zuten moduan, musika, dantza eta mozorroak izango dira erabateko protagonistak otsailaren 13tik 15era bitartean iraungo duten jaietan, eta adin guztietako pertsonek izango dute gozatzeko unerik.

Hori horrela izanik, ostiralean, ohiko Galtxagorrien jaitsierarekin abiatuko dituzte inauteriak herrian. Gainerako egunetan, mozorro lehiaketaz, kalejirez, dantzaldiez eta abarrez gozatzeko aukera izango da. Larunbatean, esaterako, gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari den konpartsa aurkeztuko dute kaleetan barrena. Queen izango da aurtengo gaia, eta inoiz baino lagun gehiagok parte hartuko dute ikuskizunean: 300 dantzarik hartuko dituzte kaleak, eta bost koreografia eskainiko dituzte jendaurrean.

Gainera, asteburura guztiz prest heltzeko, mozorroak egiteko tailerrak antolatu ditu Gaztelekuak. Guztira, hiru saio izango dira: otsailaren 6an, 8an eta 10ean, eta nahi dutenek bertan sortu ahal izango dituzte mozorroak.

Karteletako irudia, Maialen Azkueren lana

Inauterien aurkezpenarekin batera, Euskalduna tabernak eta Zarauzko Udalak elkarlanean antolatzen duten Inauterietako kartel lehiaketaren sari banaketa ekitaldia ere egin zuten. Epaimahaiak horrela erabakita, Maialen Azkue zarauztarraren Koxme ameslari kartela da aurtengo irabazlea. 500 euro jaso zituen Azkuek, eta, horrez gain, bere irudiarekin egin dituzte inauterietako esku-orriak eta kartelak..

Bigarren saria, berriz, Iñaki Fernandez nafarraren Inauteri garaia proposamenarentzat izan zen (300 euro), baita publikoaren saria ere (Euskalduna tabernan bi pertsonentzako afari). Kartel lehiaketaren epaimahaia Euskalduna Tabernako Eider Garciak, Artezaleak elkarteko Monica Gutierrezek eta Argazkilari Elkarteko Marisa Di Santok osatu dute. Hemezortzi lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta guztiak ikusgai egongo dira Euskalduna tabernan, otsailaren 15a bitarte.

Honakoa da inauterietako egitaraua:

Otsailak 13, ostirala

  • 18:45. Galtxagorrien jaitsiera. Ibilbidea: Musika Eskola-Frontoi txiki-Kale Nagusia-Musika Plaza-Lege Zaharren enparantza. Partaideak: Jalgi dantza-taldea, Zarakatun batukada, Zarautz TRIK, txistulariak eta musika eskolako ikasleak.

Otsailak 14, larunbata

  • 12:00. Txupinazoa, Modeloko balkoian, Koxme balearen eskutik, Mauxitxa txarangak girotuta.
  • 12:30. Mozorro lehiaketan parte hartzen duten kuadrillen kalejira, Musika Plazatik, Mauxitxa txarangarekin. Aldez aurretik izena eman behar da Turismo Bulegoan.
  • 13:00. Kuadrillen arteko mozorro lehiaketaren sari banaketa, Musika Plazan.
  • 17:00. Gazteen topaketa, Zinema pilotalekuan. Lehenengo askaria, eta, ondoren, konpartsa ikustera.
  • 17:30. Inauterietako IX. Konpartsa: Queen, Alde Zaharrean (euria bada, igandean 13:00etan).
  • 19:30. Dantzaldia FAN&GO taldearekin, Musika Plazan.
  • 21:00-00:00. Disko festa DJ Bon-ekin, Zinema pilotalekuan.
  • 23:00. Dantzaldia FAN&GO taldearekin, Musika Plazan.

Otsailak 15, igandea

  • 12:00. Kalejira, herriko kaleetan erraldoi, buruhandi eta Ustekabe txarangarekin.
  • 17:00. KIKO, KOKO eta MOKO pailazoen ikuskizuna haurrentzat, Musika plazan (euria bada, Zinema pilotalekuan).
  • 18:00. Disko festa nerabeentzat, Xaiborekin, Lege Zaharren enparantzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide