Hasierako onespena eman diote adineko pertsonen babespeko apartamentuen arautegi berriari

Intza Trula 2026ko urtarrilaren 30a

Urtarrileko ohiko osoko bilkura, udaletxeko pleno aretoan. (Intza Trula)

Araudi berrian, besteak beste, genero ikuspegia txertatu dute, baita ekarpen ekonomikoaren kalkulua egiteko formulazio egokitua ere. Aho batez onartu zuten puntu hori atzoko udalbatzarrean. 2026rako Zarauzko Udalaren araugintza plana ere onartu zuten, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bildu abstenitu egin baitzen.

Urteko lehenengo ohiko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean udaletxeko pleno aretoan. Hainbat puntu onartu zituzten atzoko saioan; esaterako, adineko pertsonen babespeko apartamentuen ordenantza berritzeari hasierako onespena eman zioten, aho batez. Onartu zuten beste puntu bat 2026rako Zarauzko Udalaren araugintza plana izan zen. Azken honen alde bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk, baina EH Bildu abstenitu egin zen.

Idazkariak azaldu zuen moduan, adineko pertsonen babespeko apartamentuen ordenantza 2019ko otsailaren 19koa da, eta, beraz, hori berritzea proposatu zuten atzoko bilkuran. Ordenantza berritzeko arrazoi nagusiak zeintzuk diren ere kontatu zuen: genero ikuspegia txertatzea, ekarpen ekonomikoaren kalkulua egiteko formulazioa egokitzea, bikoteen kasuan ekarpen ekonomikoaren kalkulua zehaztea, eta itxaron zerrenda antolatzeko baremaziorako adierazle berriak jasotzea, hain justu.

Ander Lucas EH Bilduko zinegotziak esan zuen koalizioak begi onez ikusten duela aldaketa: "Beharrezkoa eta egokia da". Proposamen berria "ondo landutakoa" dela iritzi zion Lucasek, "egungo egoera sozialera eta araudi berrietara egokitzen den markoa eskaintzen baitu". Haren esanetan, azken urteetan adinekoen errealitatea "nabarmen" aldatu da: "Bizi itxaropena handitu egin da, bakardade egoerak ugaritu egin dira, eta mendekotasun arina duten pertsonen beharrek bestelako erantzun komunitarioak eskatzen dituzte". Hori horrela izanik, babespeko apartamentuak egoitza ereduen "alternatiba duin eta egokiak" direla esan zuen Lucasek, "pertsonak bere ingurunean ahalik eta gehien mantentzeko aukera ematen dutelako".

Era berean, esan zuen ordenantzat "argi" arautzen dituela apartamentuen baldintzak, prozedurak, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, eta barne funtzionamendua. "Horrek udal kudeaketa errazten du, eta erabiltzaileei segurtasuna ematen die", gehitu zuen. Laburbilduz, Lucasek esan zuen egindako aldaketek "hobekuntza esanguratsuak" dakartzatela. Ondorengoa gehitu zuen: "Halaber, baloratzen dugu administrazio kargak murriztea, genero ikuspegia txertatzea, eta prozedura sinplifikatzea".

Ildo beretik, Jesus Arana EAJko zinegotziak zerbitzuaren garrantzia jarri nahi izan zuen mahai gainean: "Beharrezkoa zen adinekoen araudia berritzea, gaur egungo errealitatearekin bat egin zezan". Aranaren hitzetan, gizarte "dinamiko" batean "ezinbestekoa" da zerbitzuen berrikuspenak egitea. Hark gogoratu zuen moduan, luzaroan funtzionatzen ari den zerbitzua da adinekoen apartamentuena: "Oso-oso zerbitzu ona eskaintzen dute".

Aldaketari dagokionez, genero ikuspegia txertatu beharra zegoela esan zuen zinegotziak, eta argitu zuen eskubide eta betebeharren atalean zein diziplina araubidean ere txertatu dutela genero ikuspegi hori. "Berdintasuneko eta diskriminaziorik gabeko tratua bermatu nahi dugu, bai sexu, bai genero identitate, bai politika eta baita erlijio gaietan", egin zuen azpimarra.

Gainera, aldaketa aurkeztu aurretik ekarpen ekonomikoaren gaia ere "sakon" landu dutela argitu zuen. Bikoteen kasurako kalkuluari dagokionez, ondorengoa azaldu zuen: "Besteak beste, erabiltzaileek hilero gastuetarako libratzen duten diru kopurua igo egingo da, eta hori urtero berrikusiko da". Horrez gainera, itxaron zerrendak kudeatzeko gaur egungo parametro batzuk txertatu dituztela azaldu zuen: "Adina, mendekotasun maila, egoera ekonomikoa, etxebizitza, lehen mailako sareak dituen edo ez, bizikidetza arloa, gizartearen parte hartzea eta errotzea sartu ditugu, aurrerantzean zerrenda modu justuagoan eta egokiagoan kudeatzeko".

PSE-EEko zinegotzi Gloria Vazquezek, bere aldetik, "emaitza oso polita" dela esan zuen: "Egindako lan guztiagatik, zorionak". Zera gehitu zuen: "Berdintasun zinegotzi naizen aldetik, oso pozgarria da berdintasun politikak udaleko arlo ezberdinetan txertatzen ari garela ikustea".

2026ko araugintza plana, aurrera

Zarauzko Udalaren 2026ko araugintza plana ere onartu zuten atzoko udalbatzarrean. Puntu honek, ordea, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin egin zuen aurrera, EH Bildu abstenitu egin baitzen. 

Abstentzioaren arrazoiak azaltzeaz arduratu zen EH Bilduko zinegotzi Garazi Olaizola. Berak aipatu zuenez, araugintza planean badira zenbait arau urtez urte errepikatzen ari direnak, "eta ez dira aurrera eramaten". Horien artean aipatu zituen animalien ongizatearen ordenantza, etxebizitza tasatuen ordenantza, eta lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza: "Hiru urtez jarraian araugintza planean agertzen dira". "Dokumentuak berak dio arau horiek zaharkituta daudela, eta eguneratzeko premia dutela. Beraz, ez da gure interpretazioa bakarrik, zuek ere ikusten duzue premia hori, baina aldi berean, ez dira gauzatzen", gehitu zuen Olaizolak. 

Zinegotziaren hitzetan, gauza bera gertatzen da kirol instalazioetako araudiarekin, eta zigortzeko prozedura laburdurarekin: "Hirugarren urtez araugintza planean daude, baina ez da inolako aurrerapenik eman". Halaber, udaleko berme araudia ere "nahiko zaharkituta" dagoela iritzi zion zinegotziak, eta gogoratu zuen 2026ko araugintza planak ez duela jasotzen hori berrikusterik. Hala, Olaizolak esan zuen udalaren barne araudiaren eguneratze orokorra "lehenbailehen" egin beharko litzatekeela uste duela EH Bilduk.

Horrez aparte, aurten berriak diren ekimen batzuk "norabide onean" doazela azpimarratu nahi izan zuen zinegotziak: "Tokiko tributuen arautze ordenantza orokorra, udaltzaingoaren barne araudia, bigarren jarduerako lanpostuen araudia, eta trafiko ordenantzaren bateratzea, adibidez".

Olaizolari erantzuteko, EAJko bozeramaile Garbiñe Oiarbidek hartu zuen hitza. Araugintza planak, orotara, hamalau arau jasotzen dituela zehaztu zuen berak: "Iaz baino bi gehiago dira, beraz, iaz baino etxerako lan gehiago ditugu orain". Zerrenda horretatik, giza baliabideei lotuta dauden sei nabarmendu nahi izan zituen bozeramaileak: "Azken urteetan lan eskerga egin da giza baliabideetatik, egonkortze planarekin-eta; halere, ez dira konforme gelditu, eta beren buruari lan gehiago jarri diote urte honetarako". Horren barruan, telelanaren araudia nabarmendu zuen: "Dagoeneko horren lanketa egiten ari gara". Horrez aparte, herritarren arloan iazko planetik aurtengora ordenantzen bateratze berri bat ere jaso dela azaldu zuen.

Lurralde arloari helduta, eta Olaizolak aurretik aipatu zuen animalien ordenantzari erreferentzia eginez, ondorengoa esan zuen: "Pentsatzen dut ordenantza horrek bultzada izango duela aurten, hain zuzen ere, 2025ean sortu zelako lanpostu berri bat, lege berriek ezarritako betebeharrak betetzeko. Horrez gain, ingurumen arloan ere beste pertsona bat dago orain, animalien ongizateari begira lan egingo duena".

Etxebizitza tasatuen eta lokalak etxebizitza bihurtzearen ordenantzez ere mintzatu zen: "Aurreko urteetatik errepikatu egin ditugu, baina lanketa hasia dago". Gogoratu zuen, gainera, herritarren ekarpenak jasotzeko proiektua eginda dagoela jada: "Ekarpen horiekin, lanketa bat egin behar dugu orain". Hori horrela, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berritzeko "lehenengo zirriborroa" lantzen ari direla esan zuen, eta gehitu zuen horren ondoren helduko diotela etxebizitza tasatuen ordenantzari. "Espero dugu bi ordenantza horiek aurten berritzea".

Kirol instalazioen araudiaz azalpenak emateaz arduratu zen PSE-EEko bozeramaile eta udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendi. "Ezertan ari ez garela dirudien arren, azpimarratu nahiko nuke surf eskolako lizitazioa ateratzeko lanean ibili garela, zerbitzu berrien bi lizitazio ateratzen, eta horrek dakarren lan administratibo guztia egiten". Hala eta guztiz ere, kirol instalazioak berritzeko araudia aurrera eramateko nahia adierazi zuen. Animalien ongizatearen ordenantzaz ere hitz egin zuen, eta esan zuen azken urteetan, besteak beste, txakur parkeak eta kanpaina ezberdinak egin direla, eta hondartzako ordenantza ere aldatu dutela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide