Alex Gurrutxaga: "Lourdes Iriondoren obra ikertu gabe zegoen"

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 29a

Alex Gurrutxaga, aste honetan, Lourdes Iriondori buruzko liburuarekin. (Onintza Lete Arrieta)

Lourdes Iriondoz ikerketa liburua ondu du Alex Gurrutxaga zarauztarrak, eta aurreratu du laster Iriondoren ipuinak eta antzezlanak argitaratuko dituztela bi liburutan bilduta.

2023ko Aita Santi Onaindia beka eskuratu zuten Alex Gurrutxaga EHUko doktore eta ikertzaileak (Zarautz, 1988) eta Lorea Jainaga kideak Lourdes Iriondoz ikerketa liburua ontzeko, eta emaitza orain gutxi plazaratu dute, bi urteko lanaren ondoren, Lourdes Iriondo, bide urratzaile izenburupean. Gurrutxagak aitortzen du "fijazio handia" duela Iriondoren belaunaldiarekin –1960-1970eko Ez Dok Amairu mugimenduarekin–, oso belaunaldi inportantea iruditzen zaiolako: "Haiei begira ulertzen da guretzat oso normalak diren literatura eta musika sistemak nola joan diren konfiguratzen".

Liburuan azaldu duzue ikertzaileok beti hutsuneen bila aritzen zaretela, eta horregatik proposatu zenutela Lourdes Iriondoz liburua egitea.

Ikertzaileok beti begiratzen dugu ea zer dagoen ikertu gabe, eta Lourdes Iriondoren obra ikertu gabe zegoen, edo oso gutxi ikertuta; hutsune handia zegoen. Horrez gain, ikertzen hasitakoan ohartu gara zenbateraino zen ezinezkoa bere obra lortzea. Deskatalogatuta daude lan batzuk, xahututa beste batzuk ez daudelako baldintza onetan... Lan batzuk lortzeko marabillak egin behar izan ditugu, eta Loreak eta biok elkarri esaten genion ez zela posible Iriondo bezalako figura baten obra ez egotea eskuragarri.

 

"Iriondo izar bat izan zen, baina erretiratu zenean distira galdu zuen" 

Euskal Herrian hainbat erakunde, elkarte eta instituzio egonda, zerk huts egin du horretan?

Hainbat faktore daude. Onartu behar da gure errealitatearen neurria zein den, hau da, testuingurua: ikertzaile kopuru mugatua gara, irakurle kopurua mugatua da, hizkuntza txikia daukagu... Pixkanaka goaz. Eta belaunaldi horri buruz gero eta ikerketa gehiago dago eta gero eta interes handiagoa, eta Iriondoren kasuan ere, interesa handituz joan da. Omenaldiak, dokumentalak... egin dituzte, eta gehiago etorriko direla uste dut.

Zuena ikerketa da.

Bai. Guk proiektua beka deialdira aurkeztu genuenean, gauza bat oso argi geneukan: hitz egin da Lourdes Iriondori buruz, omenaldiak egin dira, bere kantuak abesten dira... baina zenbat orri idatzi ditugu bere kantagintzari buruz? Zenbat orri idatzi ditugu bere ipuinak aztertuz? Oso-oso gutxi. Beraz, guk nahi genuen bere obra aztertu, liburuz liburu, eta ahal dela, diskoz disko. Izan ere, batzuetan pertsona bat ezaguna egiten da baina estereotipoetan gelditzen gara, eta gero, estereotipo horiek erreproduzitu egiten dira. Gauza horiek ez gertatzeko ikertu behar da. Hori izan da gure lanaren asmoa.

Estereotipoak aipatu dituzu. Jende askok, agian, ez zuen jakingo ipuinak idatzi zituenik...

Hala da. Lourdes Iriondo kantari gisa izan da ezaguna, eta gu saiatu gara bere haur eta gazte literatura aldarrikatzen. Faktore asko daude bere alor hori ezkutuan gelditzeko. Esaterako, historikoki, eta bereziki garai jakin batean, haur eta gazte literatura izan da literatura handiaren anai edo arreba txikia, oso modu bidegabean. Gainera, oso inportantea da kontuan hartzea Iriondok alor hori jorratu zuenean ez zegoela inolako sistemarik; norbaitek argitaratzeko modua egingo zuen, baina difusio sistemarik ez zegoen, artean euskara batua bidea egiten ari zen... egoera oso prekarioa zen. Kantagintzaren arloan ere gauza bera gertatzen zen: ez zegoen diskoetxerik Euskal Herrian, zentsura pasatu behar zen, eta ez zegoen Euskadi Irratirik gero lan hori zabaltzeko. Gaur egun daukagun sistema daukagu Lourdes Iriondo bezalako jendeak egindako lanari esker. Hori Mariasun Landak [idazlea] ere esaten du. Niretzat oso-oso gai interesgarria da, gaur egun daukagun kultur sistemaren oinarria orduan jarri zelako, bai literaturaren arloan, bai musikaren arloan. Iriondoren belaunaldiaren aurretik, ez zegoen ia ezer. Hortik pasatu ginen 1980ko hamarkadan argitaletxeak, diskoetxeak, unibertsitateak, eskolak... izatera.

Iriondok urte asko igaro zituen eszenatokietatik aparte.

Bai. 1965ean hasi zen kantatzen eta 1978an utzi zion, eta 1982an argitaratu zuen azken liburua. Tarte horretan lan handia egin zuen, baina, bestalde, 1982tik 2005ean hil zen arte, ez zen plaza publikoan agertu, eta, beraz, oso zaila da transmisioak irautea eta figurak indartsu irautea bera plazan ez badago edo argitaratzen jarraitzen ez badu. Izar bat izan zen bere garaian, urtean 150 kontzertu eta gehiago emandakoa da, baina erretiratu zenean distira galdu egin zen.

 

"Erraza bezain grabea da 1960ko lan bat hartu eta moralki epaitzea"

Liburuan diozue ezin dela Iriondoren lana epaitu gaur egungo begiradatik, eta askotan ahaztu egiten dela hori. Ikerlarioi ere bai?

Nik uste dut baietz. Zaila da. Gainera, juzgu moralak egiteko joera handiko garai bat bizi dugula iruditzen zait. Oso erraza da 1960ko hamarkadako obra bat hartu eta moralki epaitzea; eta erraza den bezain hanka sartze grabea dela iruditzen zait niri, gauzak bere testuinguruan ulertu behar direlako. Lourdes Iriondo, esaterako, 1930eko hamarkadan jaioa zen, bere familia oso kontserbadorea zen, etxean apenas jaso zuen euskararik, eta testuinguru frankista batean hasi zen kantari, genero rolak oso markatuta zeuden garai batean. Gizartea oso tradizionala eta kristaua zen. Bere lana testuinguru horretan jarri behar da. Ariketa hori ez baduzu egiten arriskua dago Iriondoren segun zer ipuin hartu eta, 60 urte geroago, titular errazak ateratzeko eta, batez ere, ateratzeko guri komeni zaizkigunak. Politikoek egiten dute hori, baina ikertzaileak ez luke egin behar.

Nola laburbilduko zenuke Lourdes Iriondoren obra?

Bai kantagintzan, bai haur eta gazte literaturan, Iriondo bide urratzailea izan zela nabarmenduko nuke, eta horregatik jarri diogu liburuari ere izenburu hori. Aitzindaria izan zen, zeren alderatzen badugu bera hasi zenean zer zegoen eta bera pasatu eta gero zer zegoen, kontrastea oso handia da, eta horrek esan nahi du figura oso inportantea izan zela. Hizki larriz aldarrikatu behar da hori, batere beldurrik gabe, izan ere, Iriondo 1965ean jendaurrean kantatzen hasi zenean, aurrenetarikoa izan zen; Ez Dok Amairu ez zen sortu oraindik, berarekin sortu zen.

Beste proiekturik ba al duzu esku artean?

Lan mardula izan da, eta orain atseden hartu nahi dut. Hori bai, primizian esango dut laster Iriondoren ipuin eta antzezlan guztiak jasotzen dituen liburuak argitaratuko ditugula Aztarna argitaletxearekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide