Etxebizitza gero eta garestiago. Janaria eta gasolina ere inoiz baino gehiago. Europa osoan gero eta bizi baldintza okerragoak, eta estatuen partetik gero eta zerbitzu kaskarragoak. Pobreak gero eta gehiago eta gero eta pobreago, eta aberatsak gero eta gutxiago eta aberatsago. Europaren munduko posizioa beheruntz, eta militarismoa ate joka. Hori horrela, eta jendea gero eta gehiago haserretzeko arriskua ere ate joka delako, mendebaldeko oligarkek apostu bat egin dute: estatuen gogortzea (autoritarismoa, estatu polizialak eta militarismoa); langile klasea kontrolpean izateko pobrezia eta ezegonkortasun sozial garaitan, eta ideia erreakzionarioen zabalpenaren ahalbidetzea; ezegonkortasun horren errudunak migranteak direla esateko, eta ez bertako aberatsenak. Guzti honek egiten du beharrezkoa manifestazio hauek egitea.
Estatuen gogortzeaz (kanpora begira eta barrura begira) hitz egiten ari garenean AEBetan gertatzen ari den prozesuak ondo erakusten du hau europan nola sustatu dezaketen aurrerago, nire ustez. Aste honetan bertan hil du inpunitate osoz (exekutatu, ia ia) Trumpen agindupeko migrazioaren poliziak beste manifestari bat, bigarrena bi astetan. Trumpen gobernuak, horrelako ekintzekin azken urtean argi utzi du faxismoak indarra hartzen duenean (sozialki ere sinismena denean gauzak aldatzera datorrela) eta pobrezia areagotu besterik ez denean egiten, biolentziaren bitartez inposatzen duela orden soziala, eta estatu autoritarioa azkar ezartzen duela. Hala ere, argi ikusten da hemen ere PSOE bezalako ezkerreko partiduek, faxistak izan gabe, aurrera eramaten dutela autoritarismoaren handitze hau ere (okupazioaren legearen gogortzea, lapurreta txikien aurkako legearen gogortzea, inoizko Espainiar estatuko aurrekontu militar handiena…) AEBetako egoerari begiratuta ikus dezakegu (Europako gizarteetara moldatuta izango bada ere) hemengo oligarkiak sustatu dezakeen estatu eta gizarte eredua, eta nola europako faxismoak ere eredu hori azkarrago etortzeari mesede egingo dion, langile klasea horren aurka batzen ez bada, behintzat.
Izan ere, faxismoa ez da iraganeko kontua. Europako herrialde askotan, adibidez, Polonian, Hungrian, Txekiar Errepublikan, Italian, Eslobakian… ultraeskuina gobernuan edo presidentzian dago. Indartzen ari dira etengabe ideia baztertzaile eta atzerakoiak aktiboki zabaldu nahi dituzten kaleko taldeak ere, biolentziaren bitartez langile klaseko sektore zaurgarrienei eraso egiteko prest daudenak, eta estatu aparatuei joko zikinean laguntzen dietenak (Nucleo Nacional bezalako taldeak migranteen ehizan edo Desokupa etxegabetze ilegaletan, adibidez). Horretaz gain, eta Euskal Herrian ere bai, mugimendu faxistez gain, ideia erreakzionarioen normalizazioa kezkagarria da. Hemen, faxismoak indar eratu bat ez badu ere, beste leku guztietan bezala, politika eta arazo sozialak ulertzeko modua eskuinetara ari da mugitzen. Gazteen artean asko nabari da, baina gizarte osoan ikusten da hedabideek, sare sozialetako erreferenteek edo instituzio politikoek gero gehiago jartzen dituztela mahai gainean auzi ezberdinen inguruko ulerkera atzerakoiak (“influencer” ezberdinek matxismoa ukatuz, arrazakeria normalizatuz edota EAJk berak EAEko atxilotuen jatorria publikatuz…), eta horrela gizartea orokorrean marko diskurtsibo hori erosten ari dela.
Krisiak zeharkatzen ditu mendebaldeko gizarteak, eta horren aurrean faxistak alternatiba bezala aurkezten dira. Sistemaren arazoak errotik aldatzeko alternatiba direla esaten dute, baina argi dago zeri egiten dioten mesede, edo zeini: boteretsuenei. Guk, faxismoak ekarri nahi duen langile klasearen etsaitasunaren aurrean, langile klasearen batasun antifaxista indartu nahi dugu. Langile klasean, ideia baztertzaileak zabaltzen ari diren garaian, zapalkuntza guztien aurkako ideiak zabaldu behar ditugu, eta guztia sozialismoaren eraikuntzara bidean kokatu. Herri mugimendutik eta langile-kolektiboetatik fronte zabal bat eraiki nahi dugu, eta ezinegon soziala bide egokirantz bideratu.
Manifestazio hau horretarako ekarpena egitera dator. Ideia atzerakoiei Euskal Herrian barrera bat jarri eta antifaxismoa zabaltzeko gazteon artean, faxistei eurei ere argi uzteko hemen ezingo dutela euren gorrotoa erraz zabaldu, eta langile klase osoaren artean antifaxismo berri baten beharra mahai gainean jartzeko. Uste dugu gazteria kontziente bat politikoki aktiboa izan behar dela oso eta gazteon ezinegona eta desesperantza grin iraultzaile bihurtzen saiatu behar garela, bestela erreakzioak irabazi eta ezinegon hori matxismo, homofobia edo arrazismo bihurtuko delako.
Horretara bidean antolatu ditugu zarautzen manifestazioa zabaltzeko hitzaldi, bertso-poteo, kontzertu eta abarrak. Giro ederra izan dugu eta orain manifestaziora joatea tokatzen da larunbatean. Zarauztik autobusa antolatu dugu, arratsaldeko 16:00tan, Sanz-Eneako geltokian, joan itzulia egiteko. Maukan daude salgai tiketak, 10 eurotan.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan!