Danda gazte asanbladak zerogarren asanblada deitu zuen azaroaren 1ean, Hiruputzu gaztetxean gauzatu nahiko liratekeen ekintzak proposatzeko. Bertan, Elena Beraciertok antzerki saioen planteamendua egin zuen, eta ideia horretatik abiatuz, Antzerki Kolektiboa egitasmoa sortu zuten. "Duela urte erdi itzuli nintzen Zarautzera, Granadan [Espainia] bizitzen egon ondoren. Han antzerki talde feminista batean aritu nintzen, eta bertan elkartzen ginen aldarrikapenak egiteko. Hemen, ordea, ez nuen horrelako espaziorik aurkitu, antzerkia eta arlo soziala uztartzen zituena, eta doakoa. Dandaren bitartez, herrian sortzeko aukera ikusi nuen, eta horrela abiatu genuen proiektua", azaldu du Beraciertok.
Azaroaren amaieran jarri ziren matxan, eta harrezkero, ostegunero elkartzen dira Hiruputzun, 17:00etan; pare bat orduko saioak egiten dituzte aldiro. "Ez dugu zuzendaririk, parte hartzaile bakoitzak bere ekarpena egiten du, eta helburua litzateke guztion artean zerbait sortzea", nabarmendu du egitasmoaren sustatzaileak. Hasierako saioetan, gehienbat testuak bilatzen, ideiak proposatzen eta gauzak nola egin zehazten aritu ziren. Modu kolektiboan erabakitzen dituzte gauzak, egitasmoaren izenburuari ohore eginez.
Antzerki Kolektiboko kide Beñat Chicok saioen nondik norakoen berri eman du: "Hasieran, elkartzen garenean, erlaxatzeko ariketak egiten ditugu, arnasketarekin zerikusia dutenak; eta, ondoren, lotsak alde batera uzteko ariketa batzuk. Behin ariketak eginda, interesatzen zaizkigun testuak eramaten ditugu agertoki gainera: irakurri, komentatu eta abar egiten ditugu".
Edonork parte har dezake Antzerki Kolektiboan; ez du zertan antzerki munduan ibilitakoa izan behar. "Edozein etor daiteke saioetara. Gainera, partaide gehienek ez dute inoiz antzerkirik egin, lehen aldia da askorentzat. Pare bat kide, agian, urtebetez edo bi urtez aritu dira ikastaroak jasotzen, baina antzerkia egiten duten lehen aldia da gehientzat", nabarmendu Beraciertok. Azken finean, Antzerki Kolektiboak antzerkigintzaren munduan abiatzeko edota arlo horri berriz heltzeko espazio bat izan nahi duela dio Chicok. Momentu honetan, bederatzi lagun elkartzen dira, baina ateak zabalik dituzte, eta probatu nahiko lukeen edonor ongietorria izango da.
Obrak prestatzen
Antzerki Kolektiboaren helburua da "entseguak egitea, programazio bat edukitzea eta antzeztu ahal izatea". Une honetan, Martxoaren 8rako egitasmo bat prestatzen ari dira, eta aurrera begira, antzezlan bat ondu nahi dute Hiruputzu gaztetxean aurkezteko. "Gure xedea antzezlan bat egitea da, baina proiektua antzerki ikastaro bat baino gehiago izan dadin nahi dugu. Herriko gai sozialen inguruan hitz egitea dugu helburu, gazteok kezkatzen gaituzten gaiez, baita politikaz ere", zehaztu du Chicok.
Emakumeen Nazioarteko Egunerako ikuskizunarekin buru-belarri dabiltza orain. Beraciertok Granadako antzerki taldean indarkeria matxista oinarri zuten hainbat obra landu zituen, eta horietako batzuk aukeratu eta euskaratu dituzte. Martxoaren 8aren bueltan jendaurrean zerbait aurkeztea nahi dute. Hori izango da haien estreinaldia, taularatuko dituzten obretan lehena.