EITBk aurki estreinatuko du Irabazi arte euskarazko telesailaren bosgarren denboraldia, eta iaz bezala, estreinaldiaren atarian lehen atalak eskainiko dituzte hainbat herritako aretoetan; tartean, Zarauzko Modelo aretoan. Urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean izango dira emanaldiak, 17:30ean, eta herritarrek gaur arratsaldean eskuratu ahal izango dituzte sarrerak. Gonbidapen bidez banatuko dituzte Modeloko txarteldegian, 19:15etik aurrera, eta pertsonako lau sarrera emango dituzte gehienez.
Honako hau da bosgarren denboraldiaren sinopsia: Arene eta bere lagunek institutuko azken urteari aurre egingo diote. Azken urtea lasaia izango zela ematen zuen arren, azkenean, ez da hola izango: norbait ez dago klubeko festa egunean gertatutakoa ahazteko prest eta denek ordaindu beharko dute zorigaiztoko gau hartan egindakoagatik.