Calcuta Ondoan erakundeak bi ekintza antolatu ditu otsailaren 18rako

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 22a

Rap feminista tailerra, La Jekarekin. (Calcuta Ondoan)

Alde batetik, gizarte integrazioko eragileekin mahai ingurua egingo dute, eta bestetik, Rap feminista tailerra. Argentinako La Morera Fundazioko kideen bisita baliatuko dute jarduera horiek aurrera eramateko.

Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundeak bi jarduera antolatu ditu otsailerako Zarautzen, lankidetzan diharduen Argentinako La Morera Fundazioko kideen bisita jasoko dutela kontuan hartuta. Otsailak 16tik 20ra izango dira Gipuzkoan, eta lurraldean egingo diren hainbat jardueretan hartuko dute parte Cordobako (Argentina) Mujeres Activando kooperatiba feministako buru Jessica Gonzalez La Jeka-k eta Matias Jaimovich fundazioko sortzaile eta proiektu teknikariak.

Bisita horren harira, Zarautzen antolatu dituzten jarduerak otsailaren 18an izango dira, eta kultura, feminismoa eta komunitatea uztartzen dituzte. Goizean, 10:00etatik 11:00etara, Argentina eta Zarautz gizarte integrazioko eragileekin mahai ingurua egingo dute, Etxezabalan, eta arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara, Rap feminista tailerra, Emakumeen Etxean.

Lehena saio itxia izango dela iragarri dute, baina bigarrena tailer teoriko-praktiko irekia izango da, eta La Jekak gidatuko du. Genero musikal hori adierazteko eta ahalduntzeko modu gisa ezagutu nahi duten emakumeei zuzenduta dago egitasmoa. Jarduera erabat doakoa da eta izena Emakumeen Etxean eman daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide