Bidaiak eta ikastaroak antolatu ditu Udaberrik datozen hilabeteetarako

Mireia Galarza Bastida 2026ko urtarrilaren 17a

Udaberrin iaz antolatutako hitzaldietako bat. (Udaberri)

Urtarrilerako eta otsailerako hitzorduen berri emateaz gain, Udaberriko kideek gogorarazi nahi izan dute Gabonetako saskietako bi oraindik ez dituztela banatu. 

Urtea hasita, bere martxan jarraitzen du Udaberri jubilatuen elkarteak. Zehazki, urtarrila amaierarako eta otsailerako hainbat hitzordu jarri dituzte, lehehengoa hurrengo astelehenean. 

Urtarrilaren 19arekin batera, bidaiatzeko hiru aukera aurkeztuko dituzte Udaberri elkartean. 10:30ean Azul Marino bidaia agentziak Albaniara eta Uzbekistanera egingo dituzten bidaiak aurkeztuko ditu. 12:00etan, berriz, Halcon Bidaiakek Frantziako Bretainia eskualdera eta Cuenca-Toledo-Puy de Fuerara egingo dituzten irteeren berri emango du. Egun berean, baina arratsaldean (16:30), El Cortes Ingles Bidaiak agentziako kideek Norvegiako Fiordoetara eta Bordelera egingo dituzten bidaien eskaintzaren azalpenak emango dituzte. Beraz, horiei buruz informazioa jaso duten guztiak gonbidatu dituzte saioetara. 

Halaber, ikastaroak ere antolatu ditu Udaberrik datozen asteetarako. Horietan aurrenekoa otsailaren 2an eta 3an eskainiko dute, Osakidetzako osasun karpetara ordenagailutik eta mugikorretik nola sartu ikasteko. KZgunearekin elkarlanean antolatu dute ikastaroa, eta bertan, besteak beste, hitzorduak eskatzen, analisien emaitzak begiratzen edo anbulatoriora joan gabe burutu daitezkeen izapide batzuk nola egiten diren ikasiko dute parte hartzaileek. 

La Caixarekin elkarlanean, berriz, informatikako beste hiru ikastaro izango dira Udaberriko zibergelan. WhatsApp-ari etekina nola atera izango da lehenengoa, otsailaren 3tik 12ra bitartean eskainiko dutena astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara. Internet bidezko izapideak, tramiteak da bigarrena, hori ere aipatutako bi egunetan eskainiko dute, ordu berean, baina otsailaren 26tik martxoaren 17ra arte. Azkena, zerotik hasi nahi dutenentzat izango da, otsailaren 19an. Hiru horietan izena eman nahi duenak hilaren 27tik 29ra izango du horretarako aukera. 

Saski guztiak banatu gabe

Azkenik, Udaberriko kideek jakinarazi nahi izan dute oraindik ez dituztela Gabonetako saski guztiak banatu. Hain zuzen ere, 99.500 eta 1.128 zenbakiak izan ziren sarituak, baina ez dira jabeak saskiaren bila joan. Horiek agertu ezean, Udaberriren martxoko Batzar Nagusian zozkatuko dituzte. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide