Gabonetan elkartasuna, besteak beste, azpimarratu ohi da, eta Gabonak laster izango direnez, herrian egin diren bi ekimen gogora ekarri nahi ditut, biak elkartasunezkoak, eta biak ia oharkabean pasatzen diren horietakoak; letra larriz idazten ez diren ekimenak biak edo komunikabideetan aparteko presentzia izaten ez duten horietakoak.
Iazko ekainean hil zen Koldobika Jauregi eskultorearen omenezko erakusketa zabaldu zen Sanz Enean joan den apirilean. Artistaren zenbait lagunek utzitako artelanez taxutua, Jauregiri omenaldi xume bat egiteko asmoz. Tamainaz txikia, baina bihotzetik egina.
Zabaltze ekitaldira eskultorearen familia, antolatzaileen ordezkaritza txiki bat, kultura teknikaria eta ni neu agertu ginen. Komunikabideetako eta erakundeetako ordezkaririk ez. Lagun giroko ekitaldia, zabaltze ekitaldi ia intimoa.
Bestalde, beste diziplina batean, musikan, ia oharkabean pasatzen ari den beste ekimen bat aspalditxo paratu dute Zarauzko Bandako arduradunek. Ezgaitasun bat duten musikari gazteek osatutako banda txiki bat antolatu dute Zarauzko bandaren barruan. Musika tresnaren bat edo beste egokitu behar izan dute, ezgaitasunak jartzen dituen oztopoak gainditu ahal izateko. Zenbait ospakizun edo egun seinalatutan herriko kaleetatik ibili dira musika jotzen, eta modu horretan lortu da haien zaletasuna bideratzea eta haiei adierazpide bat ematea.
Gaurko nire zutabearen helburua ere xumea da, ez nator ezer kritikatzera: mota horietako ekimenez arduratzen diren pertsonak txalotzea du xede, besterik ez, zeren, nire ustez, letra larriz idazten diren elkartasun ekimenak bezain inportanteak eta beharrezkoak baitira horiek ere, beren xumean bada ere. Komunikabideek tokia egiten dieten haiek bezalaxe, elkarlanean eta musu truk prestatzen dira, eta lan anonimoak eskatzen duen esfortzu berberarekin, gauzak behar bezala prestatzeko behar diren orduak sartuta, horrelakoetan ibiltzen direnek ondo dakiten bezala. Ekimen xume horiek ez dituzte mundu zabaleko bihotzak berotuko, baina ingurukoak, behintzat, bai. Eta hori ere beharrezkoa izaten da. Eguberri on, lagunok.