Abendua iristerako nazkatu gara turroiez, polboroiez, Gabonetako argiez… Orain urte batzuk modan jarritako Halloween pasa ostean, berehala hasten dira supermerkatuak zein bestelako dendak Gabonetako kanpainarekin, tartean, noski, Black Friday-a ere pilatzen zaielarik. Abuztuan dagoeneko eskola itzuleraren iragarki amaigabeak etengabe telebistan, urrian kalabazak eta "beldurra" eman beharko liguketen kontuak, azaroan hil osora hedatutako azken ostiralarenak beharko luketen beherapenak zein txokolatezko egutegiak, eta orain, garaia iristen denean, dagoeneko ez da indarrik erritmoa jarraitzeko inposatu nahi den kontsumismo masiboari.
Urriko kalabazek baino dezente gehiago izutzen nau amataezina dirudien olatu kapitalistak. Beharrezkoak ez diren gauzetan dirua xahutzeko joera gazteongan nabarmenagoa dela esango nuke, eta ez dakit errua hogei urte izatearen inozokeriari bota edo sare sozialetan etenik gabe irensten ditugun iragarki eta trend txotxoloetan ikusten ditugun nobedadeez gain inoiz ezer gutxi gehiago erosteko espektatiba faltari. Presaka eta berriena erostearen afera modernoena izaten saiatzea baino sakonagoa da.
Aukera ez galtzeko aitzakiak itsututa hilabeteak oharkabean igarotzen dira, erosi eta erosi, egutegiek beharrean iragarkiek esaten digutelarik gaur zer egun den. Denboraren jabe izateari utzi, eta erosketen mirabe bihurtu gara. Azaroko Black Friday-an likidatzen dira egun Gabonetako erosketak, eta Errege eguneko zein Olentzeroren opariak urtarrileko beherapenetan aldatu ohi dira azken bisiguren bat arrantzatzeko ahalegina egitearren. Ni eta beste askoren antzera turroiz nazkatu zaretenok lasai, Errege eguna igaro eta berehala erosi ahal izango baititugu San Blas opilak edozein supermerkatutan edo okindegitan, eguna bera baino hilabete lehenago, normaltasun osoz; nolanahi ere, baten bat dagoeneko ihesi da labetokitik eta panettone eta mazapan artean ezkutatu da.
Ospakizunak iritsi aurretik hasten gara ospatzen, ospatzea kontsumitzetik desberdintzeko ezgauza den gizartea baita gaur egungoa. Leninek bere garaian zioen kapitalismoak gure bizimodua antolatzen zuela, guk antolatzen dugula sinetsarazi arren; ez nazazue ni Leninen zale sutsutzat hartu, baina horretan behintzat arrazoi zuen, eta ene, gaur Leninek burua altxako balu...