Ekosistema inklusiboa

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 24a

Erabiltzaile bat, Zarautz Oinarrian proiektuaren eguneko zentroan. (Aritz Mutiozabal)

Gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonak artatzeko Zarautz Oinarrian proiektu berritzaileak hiru urte beteko ditu aurki. Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, gizarte inklusiorako arreta komunitario eta integratua eskaintzen du. Abenduko Zarautz Guka aldizkariko erreportajea da honakoa.

Gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei arreta pertsonalizatua, komunitarioa eta integratua ematea helburu duen proiektua da Zarautz Oinarrian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetzari esker abian jarritako esperientzia berritzailea da, Emaus elkartearekin elkarlanean, non hiru baliabide –eguneko zentroa, etxebizitzak eta gaueko harrera– barnebiltzen dituen, "inklusiorako espazio integrala" aktibatuz, horrela, egoera lazgarrian dauden aipatu pertsonei erantzuteko.

2023ko otsailean jarri zuten martxan Etxetik gaueko harrera zerbitzua, eta hurrengo hilabeteetan, modu mailakatuan, gainerako zerbitzuak aktibatu zituzten: SEFAC Espainiako Farmazien Elkartea, gizarteratze beharrak artatzeko eguneko zerbitzua edo zentroa eta Oinarrian Habitat etxebizitza lagundua. Gisa horretan, elkarren osagarri diren zerbitzuen ekosistema bat abiarazi dute.

Eguneko zentroak zortzi eta hamar lagun artean hartzeko tokia du; baliabide horrek eguneko arreta eta akonpainamendu komunitarioa eskaintzen dizkie bazterketa egoeran dauden pertsonei, haien autonomia, parte hartzea eta lotura soziala sustatzeko. Laguntzadun bi etxebizitza daude, bost lagunentzako lekuarekin, gizarte bazterkeria egoeran dauden eta laguntza pertsonala eta harreman laguntza egonkorra behar duten pertsonentzat; espazio horiek aukera ematen diete bizikidetzan, hurbileko laguntzan eta loturak berreskuratzean oinarritutako inklusio prozesuak garatzeko.

Horrez gain, gaueko harrera zerbitzurako bost plazako tutoretzapeko bi udal etxebizitza daude. Etxetik programak laguntza sarea osatzen du eta kalteberatasun egoerei modu integralean heltzea errazten du.

2023tik hona, 60 pertsona baino gehiago artatu dituzte aipatu baliabide eta zerbitzuetan, eta, egun, 23 lagun dira baliabide horietan arreta jasotzen ari direnak. Hiru baliabide horiek arreta sistema koordinatu bat osatzen dute, laguntza espezializatua eta hurbiltasun komunitarioa uztartuz. Ekosistema horretan, gainera, udal zerbitzuek, foru baliabideek eta herritarren sareek modu osagarrian jarduten dute.

Urriko bisitaldia

Zarautz Oinarrian proiektuaren jarraipenaz eta garapen funtzionalaz Zarauzko Udaleko eta Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuko ordezkariek osatutako batzorde politiko teknikoa arduratzen da. Hala, inklusiorako lurralde estrategikoaren koherentzia eta indarrean den arau esparrua betetzen dela bermatzen dute. Zentzu horretan, erakunde publikoetako agintariek –Eider Mendoza diputatu nagusia, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea buru zirela– proiektua bisitatzen eta eman diren aurrerapenak ezagutzen izan ziren urriaren amaieran.

"Hiru urte beteko dira proiektua martxan jarri genuenetik, eta urte hauetan batez ere arreta eredu berri bat esperimentatzen ari gara, pertsona horien beharretara egokituta dagoen arreta pertsonalizatuan oinarritua, hain zuzen ere. Hori lortzeko bidean ari gara pixka bat konpetentziak alde batera uzten, ezarritako baldintzak malgutasun gehigorekin jokatzen eta baliabide ezberdinak bilatzen", aditzera eman zuen Zarauzko Gizarte Zerbitzuetako teknikari Amaia Leundak, gaueko harrera zerbitzuaren bisitaldian. Gaineratu zuen egitasmoarekin "ilusioz beterik" daudela lankidetzan ari diren eragileak –udala, aldundia eta Emaus elkartea–, eta "emaitza onak" jasotzen ari direla.

Gaueko zerbitzua izanik ere, ez dago herriaren kanpoaldean edo aldirian baztertuta, herriguneko etxebizitza batean baizik. "Zerbitzuen kudeaketa ahalik eta autonomoena da. Erabiltzaileek eurek parte hartzen dute egunerokotasunean, eta azkenean Etxetik izena ere hortik dator, pertsona baten gizarteratze prozesuaren oinarriaren abiapuntuak etxetik hasi behar duelako", zehaztu zuen Gizarte Zerbitzuetako teknikariak.

Emaus elkarteko Gizarte Zerbitzuen arduradun June Poloren iritziz, "aukera ezin hobea" da gauzak beste modu batera egitea pentsatzeko. "Egia esan, erronka handia da eta geure zailtasunak ere baditugu. Paperean dena oso ongi geratzen da eta gauza batzuetan aurrera egin dugu, baina badira hobetu beharrekoak ere. Esaterako, komunitatearekin lan sakonagoa egin beharko litzateke", zehaztu zuen.

Pertsonaren erreferentzialtasuna eta arretaren jarraikortasuna bermatzen dute, eta hori guztia testuinguru hurbilenean, hau da, etxeko eta auzoko egitura batean. "Auzoak pixkanaka-pixkanaka ongi erantzun du; izatez, ez da baliabide handi bat ere. Erabiltzaileek, azkenean, auzoko okindegian, kafetegian edo dendetan ibiltzen dira. Beste gaueko zerbitzu batzuetan cateringa etortzen da eta kito. Hemen, aldiz, eurek egiten dituzte erosketak eta eurek kozinatzen dute. Guztiok sentitu nahi dugu goxo etxean, eta hori da eskaintzen saiatzen garena pertsona hauei", adierazi zuen Landak.

Eredu beste herrietarako

Eider Mendozak azpimarra berezia egin zuen Zarautzen garatu duten esperientzian, eta aitortu zuen horrelako baliabiderik ez dagoela herri gehienetan, elkarbizitzaren ikuspegitik zailtasunak izaten direlako. "Hau eredu oso ona da, herrian bertan txertatu delako, eta elkarbizitza ere ona izaten ari delako. Saiatu behar dugu erreferente hau beste herrietan zabaltzen, inpaktu oso positiboa daukalako, bai pertsonengan, bai herrian bertan. Azken finean, inori ez zaio gustatzen horrela bizi beharra izatea, ezta auzokideek gaizki begiratzea ere". Xabier Txurruka alkateak zehaztu zuen pertsonak jartzen dituela "erdigunean" egitasmo berritzaile honek: "Beraien beharrei erantzuteko eta beraien bizitza aurrera ateratzeko jarri ditugu eskuragarri baliabide hauek guztiak".

Normalean, bazterkeria egoeran dauden pertsonak mugitu egiten dira lurraldean zehar, leku libreak dauden tokietara. "Mahai operatibotik saiatzen ari gara hemen errotuta dauden pertsonek prozesua herrian egin dezaten, haiek nahi duten heinean, gizarteratzeko orduan giltzarri delako", nabarmendu zuen Polok. "Norberak bere nortasuna garatzeko funtsezkoa da bere inguruko baliabideekin eta harremanekin egitea. Hori instituziook ez dugu lortzen, hori komunitateak berak lortzen du. Erakundeok leku batetik bestera mugiarazten baditugu, errotze hori galdu egiten da. Beraz, alderdi hori landu beharra dago", zehaztu zuen Landak.

Eredu horren bitartez, lortu dezakete eguneko arreta zerbitzurako –eguneko zentrorako– leku bat. Ohiko ibilbidetik, behin bazterkeriaren balorazioa edukita eta itxaron zerrendan egonda, A tipologiako leku bat esleitzen zaie. B tipologiako lekuak ere badaude eta horiek dira Etxetik programaren bidez prozesua egiten hasi eta oraindik eguneko arreta zerbitzura joateko baldintzak izan ez arren, mahai operatiboan egoki ikusten diren pertsonentzat –ondoren, laguntza prozesuak garatzen joan ahala, A tipologiakoa bilakatzen da–. Azkenik, C tipologia ere martxan jarri dute, eta horiek eguneko arreta zerbitzua modu puntualean erabiltzen dute. "Arreta anbulatorioa ematen zaie kale egoeran dauden pertsonei. Askotan ez dira Gizarte Zerbitzuetara hurbiltzen eta zailtasun larriak dituzte, eta, adibidez, zerbitzua jaso dezakete arropak garbitzeko edo bazkaltzeko. Horrela ezagutuko ditu gure profesionalak".

Erabiltzaileen ekarpenak

Erakunde publikoetako arduradunek zerbitzu horietako erabiltzaileen egoera ezagutu nahi izan zuten aipatu bisitaldian, eta haien ekarpenak ere jaso zituzten, aurrera begira zerbitzuak hobetzeko aintzat izango dituztenak. Juan errenteriarra (Gipuzkoa) oso triste agertu zen, Zarautzen errotu delako eta eguneko zentroan egin duelako "bere familia", baina orain Antzuolara (Gipuzkoa) lekualdatu behar dutela esan diotelako. "Ez da bidezkoa", adierazi zien agintariei. Gizarteratzeko urratsak herrian egin eta gero, etxebizitza beste herri batean eman diotela kontatu zien: "Zarautzen oso gustura nago jasotzen ari naizen tratuarekin, eta aldaketarekin, hutsetik hasi beharko dut".

"Hainbat arrazoi tarteko, zerbitzu hauen erabiltzaile izatera iritsi gara", arrazoitu zuen Alfonso zaragozarrak (Espainia). "Primerakoa da hemen dagoen lantaldea eta jasotzen dugun tratua, aldundiaren, Emausen eta Zarauzko Udalaren ekimenez datorrena", eskertu zuen lehenik eta behin, eta eskakizunekin jarraitu zuen ondoren: "Bakoitza gauden egoeraren araberako etxebizitzetan gaude, baina esan beharra daukat, mantentze lanei dagokienez, margotze baten beharra dutela, eta diru pixka bat inbertitzea ongi etorriko litzatekeela. Bestalde, giltzarik ez dugun etxebizitzen erabiltzaile bat naizen aldetik, larunbat arratsaldea eta igande osoa auto batean pasatzera kondenatuta nago. Aldundiari eskatu nahi diot zerbitzu honetarako aurrekontua handitzeko, pare bat langile gehiago hartzeko eta asteburuan irekita mantetzeko; izan ere, jakinarazi didatenez, Azkoitian ez dute ixten asteburuan".

Mendozak azaldu zien jakiten direla gauza asko daudela hobetzeko, gero eta herritar gehiago direlako egoera larrian daudenak, eta "ezin ditugu ahaztu". Haatik, zerbitzuak hobera egin duela zehaztu zuen: "Egun dauden zerbitzu hauek lehen ez ziren existitzen, baina aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu norbanakoen beharrizanei erantzuteko eta pertsona oro duintasunez bizitzeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide