Behatxuloa

Arrastoa

Alex Gurrutxaga 2026ko urtarrilaren 18a

Hostoak lurrera erorita. (Pixabay)

Alex Gurrutxagak idatzitako iritzi artikulua da honakoa, abenduko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutakoa.

Oñatin izan zen agurra, 2025eko uztailean. Ezagutu genuenotatik jende dezente bildu ginen. Batzuek urte askotako harremana izan zuten berarekin. Beste batzuek, nik bezala, azken urteetan izan genuen tratua. Lagunarteko giroa egon zen, ardoa eta mokadutxoa.

Pena eta poza ikusi nituen bertan zeudenen bisaietan. Pena, adiskidearen bizitza itzaldu berria zelako. Poza, iruditzen baitzitzaidan hura ezagutu izana oparitzat hartzen zuela han zegoen jendeak. Niretzat ere horixe izan zen, opari bat, eta pena ematen dit denbora gehiago eduki ez izanak. Horretaz pentsatzen aritu naiz, hain zuzen, Gukarako 2025eko azkena idazterakoan...

Ikastolan, odol emaileen taldean, irakurle taldeetan… han eta hemen ibili zen gure adiskidea. Batean eta bestean ezagutu zutenekin hitz egiteko aukera izan nuen agurrean, eta etengabe izan nuen inpresio berbera: arrastoa utzi duela pasa den lekuetan. Arrasto ona, zalantzarik gabe.

Arrasateko irakurle taldera etortzen zen, eta ohikoa genuen solasaldiaren ondorengo luzamendua ere, talde txikian, lagunarteko giroan, ardoa eta mokadutxoa han ere.

Ez dut adiskidea gehiago ikusiko, ez irakurle taldean ez inon. Batzuetan, solasaldian liburu bati buruz ari garela, hark esango lukeena entzuteko gogoa sortzen zait bat-batean. Eta seguru nago beste adiskide batzuei ere pasatzen zaiela. Igual ez da pertsona bat oroitzeko modu txarra…

Urtea bukatzera doan honetan, iraganari eta etorkizunari begira jarrita, pentsatzen jarraitzen dut. Alde batera, hildakoan, ez gara ohartuko hemen gertatzen den ezertaz; akaso horixe izango da, ezer izatekotan, bake santua. Jakina, ez gara ohartuko utzi dugun arrastoaz ere, eta ez dugu jakingo gure ondoren hemen gelditzen direnek zer irrizko eta negarrezko elkarrizketa isil izango dituzten gurekin…

Hala ere, beharbada, hildakoan utziko dugun arrastoaz pentsatzeak orain eta hemen hobeto edo zintzoago bizitzen lagundu diezaguke. Izan ere, ondorengoen keinuetan iraungo dugu, gure aurrekoek geureetan nola.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide