Dinamika txarrari buelta eman dio RFEF hirugarren mailako Zarauzko futbol taldeak. Asteburuan bigarren garaipena lortu zuen jarraian, eta lehen itzulia beheko postuetatik aldenduta bukatu du. Derioren aurka jokatu zuen, etxetik kanpo, eta galtzen hasi bazen ere, azkenean 1-2 irabazi zuen, Iñigo eta Peinaren golei esker.
Urteari bikain ekin dio, Zamudiori eta Deriori irabazit ondoren, eta sailkapenean 14. postua kokatuta, 18 punturekin. Asteburu honetan ere etxetik kanpo izango du partida, Aretxabaletaren aurka; lehen itzulian 1-0 irabazi zuten zarauztarrek, eta garaipena berresten ahaleginduko da, hirugarrena jarraian izan dadin.
Euskal Ligako Zarauzko neskek denboraldiko bigarren partida irabazi zuten asteburuan Bizkeneskak taldearen aurka, Astin,eta ondorioz, azken postuan egoteari utzi diote; Bizkeneskak dira orain sailkapeneko azkenak. Zarautz nagusi izan zen norgehiagokako lehen zatian eta gol aukera garbiak izan zituen, baina ez zuen ate aurrean asmatu. Bigarren zatian ez zuen amore eman, eta ongi egindako lanak bere fruitua eman zien: 2-0ko emaitzarekin irabazi zuten.
Bigarren itzuliari ekingo dio asteburu honetan taldeak, eta beheko postuetako beste aurkari zuzen bat izango du aurrez aurre: Gasteizko Lakua taldea. Lehen itzulian, Gasteizen, 1-2koarekin irabazi zuten zarauztarrek. Beraz, beheko postuetatik irteteko beste pauso bat eman dezake jardunaldi honetan.