Asteburuan hasiko dira Urtetan sansebastianak ospatzen

Mireia Galarza Bastida 2026ko urtarrilaren 12a

Iazko sansebastianak Urtetan. (Artxiboa)

San Sebastian egunaz gain, bi asteburuko egitaraua antolatu dute festetarako. Kirola, musa, herri kirolak, otorduak nahiz musika izango dira protagonistak, ohiko legez. 

Ostiralean hasita, sansebastianak ospatuko dituzte Urtetan datozen bi asteotan. Zehazki, urtarrilaren 16an, 17an, 18an, 20an, 23an eta 24an izango dira ekintzak bertan, eta kirola, otorduak nahiz kirola izango dira protagonista auzoan. Gustu eta adin guztiei zuzendutako ekintzak prestatu dituzte, eta horregatik, antolatzaileek deia egin diete herritarrei Urtetara gerturatzeko festek irauten duten bitartean. Ekintzen artean aipatzekoak dira Urtetako I. Buruz Buruko Pala Txapelketako finalaurrekoa eta finala, baita XXVI. Mus Txapelketa Azkarra ere. Azken hori hilaren 17an jokatuko dute Eliz-Mendi elkartean, 16:00etan hasita.

Izena ematen duen bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu, eta antolatzaileek azaldu dutenez, partidak lau errege eta lau usteletara izango dira. Sariak, berriz, lehen lau bikoteentzat izango dira: 400 euro, txapela eta garaikurrak irabazleentzat; 250 euro eta garaikurrak bigarren sailkatuentzat; 150 euro hirugarren bikotearentzat, eta 100 euro laugarren sailkatzen direnentzat. 

Egitaraua

Urtarrilak 16, ostirala

  • 18:00. Urtetako I. Buruz Buruzko Pala Txapelketako semifinala.

Urtarrilak 17, larunbata

  • 16:00. Urtetako XXVI. Mus Txapelketa Azkarra.

Urtarrilak 18, igandea

  • 10:30. Meza nagusia.
  • 11:00. Hamaiketakoa auzo elkartean.
  • Ondoren, herri kirol festa. Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariak eta Maddi Salterain Urra II.a, Mikel Lopetegi Urra eta Aratz Zubeldia Munantxo harrijasotzaileak. 
  • Goiza amaitzeko, sokatira desafioa auzoko neska-mutil ardoaren eta ezkonduen artean. 
  • Goiz osoan zehar, Aratz eta Irati trikitilariak giroa alaitzen. 
  • 18:30. Erromeria Elustondo anai-arrebekin. 

Urtarrilak 20, asteartea: Sebastian Deunaren eguna

  • 10:30. Meza nagusia, Gure Boza otxoteko kideek girotuta.
  • 11:00. Hamaiketakoa, auzo elkartean.

Urtarrilak 23, ostirala

  • 21:00. Bertso afaria auzo elkartean Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariekin, Zabale eta Erkizik jotako doinuekin alaituta
  • Jarraian, erromeria izango da bertan goizeko ordu txikiak arte. 

Urtarrilak 24, larunbata

  • 16:30. Urtetako I. Buruz Buruzko Pala Txapelketako finala eta 3. eta 4. postuen partidak. 
  • 23:00. Erromeria auzo elkartean Laja eta Lutxurdioren eskutik.
  • Jarraian, DJ Indate goizeko ordu txikiak arte. 

Urtarrilak 25, igandea

  • Eguerdian, neska-mutil ardoko kideek omenaldi bazkaria eskainiko diete auzoko adinekoei. 

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide