Zarauzko Emakumeen Etxeak Ahalduntze Eskolaren ekainera bitarteko programazioa aurkeztu du, hainbat ikastaro eta hitzaldik osatutako "programazio zabalak" osatuta. Helburua emakumeen autonomia, hausnarketa kritikoa eta ahalduntzea sustatzea da, ikuspegi feminista eta anitzetik abiatuta.
Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, Ahalduntze Eskola emakumeentzako "topagune eta ikaskuntza gune garrantzitsua" da, "esperientziak partekatzeko, sareak sortzeko eta eguneroko bizitzan emakumei eragiten dieten errealitateei begirada kolektibotik heltzeko”. Alde batetik, programazioak hainbat ikastaro banerbiltzen ditu, sormena, autozaintza, lidergoa, jarduera fisikoa edota autodefentsa feminista bezalako gaiak lantzen dituztenak. Berrikuntzen artean, aurten bizikleten konponketa eta mantentze tailer praktikoa nabarmendu dituzte, emakumeen autonomia eta mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Bestetik, Ahalduntze Eskolak hitzaldi eta emanaldi irekiak ere eskainiko ditu, "gogoeta eta eztabaidarako espazio" gisa. Testuinguru honetan, Berdintasun sailak arreta berezia jarri nahi izan du urtarrilaren 13an egingo duten Ahots ikusezinak izeneko solasaldian, SOS Arrazakeria Gipuzkoa erakundearekin elkarlanean. Jarduera horrek etxeko lanetan ari diren emakume migratzaileen lan eta bizi baldintzak izango ditu hizpide, "askotan ikusezinak diren errealitateei ahotsa emanez".
Ikastaroetan izena emateko epea irekita dago dagoeneko, eta 20ra arte egongo da zabalik. Interesa dutenek aurrez aurre, Emakumeen* Etxean edo www.emakumeenetxea.zarautz.eus webgunearen bidez eman beharko dute izena. Honako loturan ikus daiteke programazio osoa, ordutegiak eta parte hartzeko baldintzak. Zarauzko Udalak herriko emakumeak parte hartzera animatu nahi ditu, Ahalduntze Eskola "espazio seguru, askotariko eta eraldatzaile" gisa ulertuta.