Zelaian trazuak marraztetik azalean trazuak marraztera

Mireia Galarza Bastida, Gorka Eizagirre eta Urtzi Oteiza 2026ko urtarrilaren 11

Apiriletik bere txoko berrian aurki daiteke Marina Agoues (Zarautz, 1992) futbolari ohi eta tatuatzailea. Duela urte batzuk afizio zuena, orain ofizio du; tatuajeak egiten aritzen da, Sottosopra izenarekin. Abenduko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erretratua da honakoa.

Marina Agoues esanda, gehienei futbola etorriko zaie burura. Apiriletik, ordea, bere tatuaje estudioa du Zarautzen. "Denboraldia neraman pauso hori noiz eman pentsatzen, eta azkenean ausartu naiz, eta momentuz, gustura nago", dio zarauztarrak. Duela bost urte inguru hasi zen tatuajegintzan murgiltzen, pandemia buelta horretan, duela urte batzuk erositako tatuaje makinari hautsak kentzeko erabakia hartu ostean. Aitak duen pabilioi baten ekin zion ingurukoak tatuatzeari, eta "bere kasa, gustura" ibiltzen zen leku horretan, proiektuari "seriotasun puntu bat" ematea beharrezkoa iruditu zitzaion arte. "Aurreko urtean pentsatu nuen 'orain edo inoiz ez', eta aukera ona jarri zitzaidanez aurrean, aurrera egitea erabaki nuen", kontatu du Agouesek.

Bere burua tatuatzailetzat hartzea "zaila" bazaio ere, horretarako eskua baduela nabari zaio Agouesi, ez dela hasiberria. Izan ere, txikitatik ari da sortzen, eta ondo gogoan ditu,  futbolean ibiltzen garaian ere, autobusean marrazten igarotako ordu guztiak. Batez ere belauna hautsi zuenean, marraztea "babesleku" izan zuen. Bere hitzetan, garai hartan ez zekien nora bideratu bere bizitza, eta sormenak "etorkizunean argi izpi bat" sortu zion.

Hankaz gora

Sottosopra izena jarri dio bere txoko berriari, euskaraz hankaz gora esan nahi duen hitza. Bere burua ondo definitzen duen hitza dela dio Agouesek, eta Italian bizi izan zenetik erabiltzen du. Margolanak eta tatuajeak egiteko bere estiloa ere kontzeptu horrekin bat datorrela uste du. "Azkenean, bakoitzak bere trazua du tatuajeak egiterakoan, eta nire kasuan, ez da erabat trazu zehatza. Ez dut esan nahi amaierarik ez duten tatuajeak egiten ditudanik, baina tatuaje azkarrak egiten ditudanean, guztiz definitu gabe uzten ditut, zerbait perfektua izan ez dadin", gaineratu du.

Tatuajeak egiteko lana "ardura handiko" zeregina dela dio zarauztarrak, pertsona guztiak desberdinak direlako. "Bakoitzak bere diseinua egitea eskatzen du, eta horrek, denbora. Gainera, bizitza guztirako zerbait da. Orokorrean, baina, ederra da amaitutakoan jendea gustura ikustea".

  • Adina: 32 urte.
  • Ikasketak: Magisteritza.
  • Lanbidea: tatuatzailea.
  • Tatuatzailea ez banintz… txikitan astronauta izan nahi nuen, baina egia esateko, klaustrofobia dut (barrez).
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… entrenatzera joatea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide