Ez da txorakeria bat

Ian Ruiz Lizaso 2026ko urtarrilaren 10a

New Yorken sortu zen 'Ballroom' kultura.

Ian Ruiz Lizasok abenduko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Azkenaldian entzun ohi dut gazteen artean hitz batzuk errepikatu egiten direla: slay, period, yas queen eta antzekoak. Kalean, sare sozialetan edo ikasgelan bertan gero eta ohikoagoak dira. Eta noski, askok pentsatzen dute gazteen txorakeriak direla, kapritxo moduko bat, ingelesez esaten diren esamolde hutsak, gure hizkuntza kutsatzen dutenak. Nik, ordea, ez dut horrela ikusten.

Lehen aldiz slay hitza entzun nuenean arraroa egin zitzaidan: "Hil esan nahi du, ezta?". Baina berehala konturatu nintzen zerbait gehiago zegoela atzean. Ez zen soilik "ondo egin duzu" esateko modu bat, baizik eta autokonfiantzaz, indarrez eta askotan erresistentziaz beteriko adierazpena.

Hitz horrek jatorria beltzen eta querren komunitateetan du, zehazki, New Yorken sortu zen Ballroom-aren kulturan. 70eko eta 80ko hamarkadetan, LGTBIQ+ komunitatearentzako askapen gune bihurtu zen, diskriminazioaren aurka aldarrikatzeko. Han aurkitzen ziren familiek sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik marjinatzen zituzten gazte afroak eta latinoak. Beraz, ez da soilik moda bat; historia du atzean, komunitate baztertuen esamoldea delako, eta, gaur egun, mundu osoko gazteek erabiltzen dutelako, beren burua ospatzeko eta elkar babesteko modu gisa.

Horregatik, hitz hori entzuten dudan bakoitzean neure artean pentsatzen dut norbaitek hizkuntza erabiltzen duela bere burua indartzeko, komunitate baten parte sentitzeko eta momentu jakin batean poz pixka bat adierazteko. Eta hori ez da gutxi. Askotan esaten zaigu hizkuntza tresna dela, baina ahaztu egiten dugu tresna hori noren eskuetan dagoen. Slay edo period bezalako hitzak ez dira "inportatutako modak" bakarrik; jatorriz, bizirauteko eta identitatea aldarrikatzeko moduak izan dira.

Horrekin ez dut esan nahi guztiok hitz horiek erabili behar ditugunik, ezta euskaraz aritzeari utzi behar diogunik ere. Baina uste dut beharrezkoa dela ulertzea nondik datozen gauzak, eta zergatik bihurtu diren gaur egungo hizkuntza globalaren parte. Batzuetan, zapalduei ahotsa emateko modua da. Eta agian, hurrengo batean, slay entzutean, norbait munduaren zati txiki bat bere eginez ospatzen ari dela pentsa dezakegu.

Euskaraz ere baditugu gure slay-ak. Gure bikain, gure primeran, gure zoragarri zaude. Eta, agian, denok behar dugu noizean behin halako hitz bat entzutea, gure burua balioesteko. Beraz, hurrengo batean norbaitek slay edo period botatzen badu, ez dezagun berehala pentsatu txorakeria bat dela. Hausnar dezagun esamoldeak barnebiltzen duen guztia. Period.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide