Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek bihar arratsaldean zeharkatuko dituzte herriko kaleak, eta gauean opariak banatuko dituzte etxez etxe. Baina herriko haurren eskariak ezagutzeko, gaur arratsaldean Bizarzurik egin ditu urtero bezala mezulari lanak. Pajeen laguntzaz, 16:30 aldera iritsi da Lege Zaharren Enparantzara, eta bertan jarrita dagoen estalpean jaso ditu herriko txikienen gutunak.
Eskutitzak emateaz gain, Errege Magoen postariarekin argazkia ateratzeko aukera izan dute, bai umeek bai familiek. Gainera, haren laguntzaileek bertaratu diren guztiei goxokiak banatu dizkiete. Lehenengo ordutik ilara luzeak sortu dira, baina pixkanaka-pixkanaka, pazientzia pixka batekin, guztiek izan dute ilusioz idatzitako gutuna aurrez aurre emateko aukera.
Aurten, berrikuntza gisa, QR kode bat duen kartel bat jarri dute, haurrek etxean bertan ikus dezaten nola irakurtzen dituzten Errege Magoek Bizar Zuriren postontzian utzitako gutunak.