Zarautz Gukaren webguneak milioi bat bisitaren langa gainditzea lortu du 2025ean ere

Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 4a

Herritar bat sakelako telefonoa eskuetan duela. (Guka)

Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.031.283 bisita izan ditu Gukaren webgune honek, egunean 2.825 bisita hain zuzen, 2024an adina. Horietako gehienak, %80, eskuko telefonoetatik egin dituzte herritarrek. Gukak, berriz, egunean batez beste 11 eduki argitaratu ditu atari honetan.

2026a estreinatu berri, garai aproposa da 2025ak eman duenaz jabetzeko, eta esan daiteke, beste urte batez, albisterik behintzat ez dela falta izan herrian. Era guztietakoak izan dira, batzuk onak eta besteak txarrak, eta horien guztien berri herritarrei ahalik eta modu zintzoenean ematea izan da Gukaren ahalegina –hemen ikus daitezke iazko albiste irakurrienak–. Idatziz zein bideoz albiste, erreportaje eta elkarrizketa ugari ondu ditu Gukak 2025an ere; hain zuzen ere, Zarautz Gukaren atari  honetan 3.887 eduki argitaratu ditu urtebetean; egunean, batez beste, hamaika eduki.

2025ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.031.283 bisita izan ditu webgune honek, edo gauza bera dena, egunean batez beste 2.825 bisita, Google Analytics neurgailua oinarri hartuta Behategiak egindako zenbaketaren arabera. 2024an ere milioi bat bisitako langa gainditzea lortu zuen.

Azken urteetako joerari eutsita, 2025an ere herritarrak batez ere eskuko telefonotik sartu dira Zarautz Gukaren webgunera; hala egin dituzte bisiten %80.

Webgune honen datuak ez ezik, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainontzeko hedabide digitalenak ere oso onak izan dira iragan berri den urtean. Taldearen sei webguneek –Azkoitia Guka, Azpeitia Guka, Orio Guka, Zarautz Guka, Zumaia Guka eta Guka–, guztira, 10.757.687 bisita izan dituzte, eta horrela, aise hobetu dituzte aurreko urteetako zenbakiak. Izan ere, 2024an, denera, 9.942.528 bisita izan zituzten taldearen webguneek, eta 2025ean, ia milioi bat bisita gehiago pilatu dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide