Bizarzuri bihar etorriko da haurren gutunak jasotzera

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 3a

Familia bat Bizarzurirekin argazkia ateratzen iaz. (Intza Trula)

16:30ean abiatuko da kaleetan zehar, eta, jarraian, Lege Zaharren Enparantzan egingo die harrera herriko haur guztiei. Aurten, QR kode bat sortu dute, Errege Magoek gutunak nola irakurtzen dituzten ikusteko.

Errege Magoen postaria den Bizarzuri bihar arratsaldean iritsiko da herrira, etxeko txikienen gutunak jasotzera. Lehenik eta behin, ordea, Eguneko Zentrora joango da bertako egoiliarrak bisitatzera, 16:00etan, eta ordu erdi geroago, Adinekoen Egoitzan egon ondoren, kaleetan zehar ibiliko da karroza gainean herritarrak agurtuz.

Lege Zaharren Enparantzara 17:00 aldera iritsiko dela aurreikusten dute, eta han aterpe azpian, urtero bezala, herriko haur guztien gutunak jasoko ditu postontzi potoloan. Urtero, gutxi gorabehera 700 gutun jasotzen ditu Bizarzurik. Aurten, berritasun gisa, QR kode bat duen kartel bat jarri dute, haurrek etxean bertan ikus dezaten nola irakurtzen dituzten Errege Magoek Bizar Zuriren postontzian utzitako gutunak.

Bestalde, Schola Cantorum abesbatzak dohaintza txiki bat eskatu nahi die bertaratutzen diren herritarrei Bizarzuriren tradizioari eusteko eta Gabonetako ekitaldiekin jarraitu ahal izateko. Ekarpenak Bizum bidez egin daitezke, zenbatekoak 13318 zenbakira bidaliz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide