Asier Medinak eta Jone Albisuak irabazi dute San Silbestre lasterketa

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 1a

755 lagunek hartu zuten parte atzo arratsaldean Antoniano elkarteak antolatzen duen urte amaierako proban. Lehiak, lagunarteak eta mozorroek bat egin zuten beste urte batez, egundoko giroa sortuz. Irristaketako proba ere egin zuten, eta Jon Astarbe eta Nahia Manterola izan ziren bizkorrenak.

Inoizko parte hartzerik handiena izan zuen atzo arratsaldean jokatu zen Zarauzko San Silbestre lasterketak: 755 lasterkarik eman zuten izena, iaz baino 145 gehiagok. Urtez urte, probak izaten duen arrakasta ikusirik, Antoniano atletismo taldeak 800 dortsal atera zituen edizio berrirako, eta guztiak agortzetik gertu ibili da. Beraz, herriko kaleetan barrena lasterkari oldea barreiatu zen, 2025ari lagunartean eta mozorrotuta agur esateko asmoz, baina baita lehiatzeko grinarekin ere, zenbaitzuren kasuan.

Gizonezkoetan, iaz bezala, Asier Medina getariarrak irabazi zuen, eta Eñaut Errazkin eta Ekaitz Tejano zarauztarrak sailkatu ziren jarraian bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurrenn. Emakumezkoetan, berriz, Jone Albisua zarauztarra nagusitu zen, eta haren atzetik, Naiara Rojas helmugaratu zen bigarren tokian; Sandra Rodriguez izan zen hirugarrena.

Mozorrorik onenaren saria, bien bitartean, Olentzero eta Mari Domingi gurdi gainean irudikatu zuen kuadrillari eman zioten. Bestalde, ohi bezala, hainbat lote zozkatu zituzten parte hartzaile guztien artean.

Helduen lasterketa jokatu aurretik, haurrenak jokatu zituzten, baita irristaketakoa ere, ZKE Irrisketa taldearen ekimenez. Azken hauek 17:20 alder egin zuten irteera, eta ibilbidea osatzen bizkorrenak Jon Astarbe eta Nahia Manterola izan ziren.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide