Zarauzko Zikloturista Elkarteak dagoeneko ireki du 2026rako bazkidetzak egiteko eta lizentziak eskatzeko edota berritzeko epea. Aurten ere izen ematea Internet bidez egin beharko da, eta horretarako bete beharreko galdetegia lortzeko, zzelkartea@gmail.com helbidera idatzi daiteke.
Txirrindularitza gustuko duten herritar guztiak animatu nahi ditu elkarteak izena ematera eta federatzera. Urtero bezala, dei berezia egin die emakumeei; euskal errepideetan bizikletaz geroz eta emakume gehiago baldin badabiltza ere, elkarteko bazkideen artean oraindik ere gutxi direlako. Oro har, federatua egotearen garrantzia nabarmendu dute, batez ere istripu baten aurrean seguru bat edukitzeak txirrindulariari ematen dion babesagagatik.
Bide batez, urtean zehar egiten dituzten jardueren berri ere eman du Zarauzko Zikloturista Elkarteak. Adibidez, martxoan hasi eta urrira bitartean, bizikleta irteerak egiten dituzte igandero Gipuzkoa zehar, eta tarteka, irteera bereziak ere egiten dituzte kanpora. Bestalde, Haimar Zubeldia Klasikoa antolatzen dute maiatzean, eta haurrentzako Txirrindulari Txikien Eguna irailean.