Bertso berriyak Ondharez elkarteari jarriyak

OndHarez elkartea 2025eko abenduaren 31

Ondharez Zarauzko ondare kulturala babesteko elkarteko kideak. (Ondharez)

Ondharez Zarauzko ondare kulturala babesteko elkartea arduratuko da aurrerantzean Zarautz Gukako Atzera begira atalaz. Bere estreinako ekarpenean, elkartearen aurkezpena egin du bertso-sorta baten bidez.

1) Zarauzko kaleetatik
dator notiziya
elkarte bat dagola
osatzen hasiya
kontatutzera nua
bertan ikusiya
informatzeko ondo
herritar guziya

2) Ondare kontuetan
badegu guk kezka
hortaz arduratzeko
talderikan ez da
ondo dago hondartza
surfa eta festa
baña kontu zaharrak
ahaztu gabe, ezta?

3) Bi mila ta hogeitalau,
aurreko urtian
abenduaren hogei
garren egunian
Zine Antoniano zan
lokalan barnian
bilera hasi gendun
seirak ziranian

4) Han bateratu giñan
dozenaka lagun
kolore askotako
hainbat bizilagun
nahiz antziñako Zarautz
ekar ezin degun
izan giñana behintzat
babestu dezagun

5) Lehengo bizimodua
dijua gainbehera
ezin degu onartu
horren akabera
denon mahai gaiñian
bakarra galdera:
ondaria zaintzeko
nahirik ba ote da?

6) Geyengo batek
esan zuen baiezkua
erantzuna izan zan
oso poztekua
han zan jende baikorra
jatorra, prestua
herriyaren mesedez
lan egitekua

7) Horrela sortu gendun
gure elkartia
erabaki pausuak
ematen hastia
lanian pasa degu
jai eta astia
lortu arte taldiai
forma ematia

8) OndHareZ izenakin
gerade jayua
ondarek esan nahi du
patrimoniyua
hortan jarri nahi degu
guk atentziyua
eta eman merezi
duen baliyua

9) Hondarran aipamenak
ezin zuen falta
gure nortasunian
muin bat hori da
ta harezko erlojua
gelditzeko, talka!
martxan jarriya
degu elkarlan enbata

10) Z letra hor dago
herriyarengatik
Zarauzkuak gerala
esatiagatik
zer izan giñan konta
nahi degu bertatik
memoriya jaso
ta gordetziagatik

11) Herriyak lehen bazeukan
nahiko industriya
kanpora ogi billa
ez zan juten iya
Muebles Arruti, Alfa,
edo Iturria
lanerako gogua
ta jakinduriya

12) Textila, plastikua
eta jostailuak
ziran hemen pentsatu
ta egindakuak
hotelak ere hainbat
dotore askuak
bañuak hartu
eta dibertitzekuak

13) Ezin iñola ahaztu
balian arrantza
ezta baserritarren
baso ta baratza
Torre Luzea, Narros
Parroki, Makatza
arkitekturan ere
altxor aberatsa

14) Ez guaz gu iñola
inortxoren aurka
ondaria zaintzia
da gure burruka
Zirika, Udaberri
ZAE, Arkamurka
sare bat sor dezagun
apurka-apurka

15) Gazte, erretiratu
freaky, satelite
edozeiñi egin nahi
diyogu gonbite
estimatzen badezu
"Ene Zarautz maite”
beldur gabe gugana
arrimatu zaite

Doinua: Pasaiako plazatik

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide