«Euskal Herriko artisten %89,6k uste dute EITBk ez dituela ziurtatzen euskararen eta euskal kulturaren hedapena eta transmisioa». Amagoia Gurrutxaga Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzailearen hitzak dira. Nahikoa esanguratsuak. Kultura eta ezkultura. 16 lekuko eskarmentuko (Lanartea, 2025) liburuan jasota daude, eta, hartan, hainbat euskal sortzailek kritikak egin dizkiote Euskal Telebistari. Bestelako gogoeta eta hausnarketak badira liburuan, baina ETBrekin lotutakoak ere nabarmentzeko modukoak dira. Lurdes Iriondok kantatzen zuen Ez gaude konforme. Eta agerikoa da: sortzaile euskaldun gehienak ez daude konforme Euskal Telebistarekin.
Garai batean, Andoni Egaña bertsolariak hainbat lan egin zituen ETBko saioetarako, gidoilari bereziki. ETB1ren eta ETB2ren arteko dikotomia hizpide hartuta, salatu du euskaldunei «ziria» sartu zitzaiela: «Euskal Telebistarekin gertatu dena ere... Ni bertan aritu nintzenean, artean sinesten zen ETB euskarazkoa zela; bestea ETB2 zen ['e-te-be-dos' esanda]. Orain ETB2 da ['e-te-be-bi' esanda]. Ez dakit zer urtetan izan zen nomenklatura aldaketa. 1987-1988an izan daiteke. Ez ginen konturatu ze ziri sartu ziguten. Hasieran euskaraz bakarrik zenari, euskal herritar ez euskaldunen eskubideak ziurtatzeko, erdarazko katea erantsi zioten». Garrantzia euskarazkotik gaztelaniazkora pasatu zela iruditzen zaio Egañari: «Eta e-te-be-bat eta e-te-be-dos zirenean, argi zegoen tronkala zein zen: ETB1. Orain e-te-be-bat eta e-te-be-bi direnean, gehiago balio du erdarazkoak. Horrela sartzen dira ziriak, nomenklaturarik hasita».
Mikel Martinez antzerkigile eta aktoreak diru kontuak aipatu ditu, egoerari begiratzean: «EITBn ez dakit ze zailtasun presupuestario dauden, baina dirua badago. Jaurlaritzaren Kultura Sailaren sosen erdiak baino gehiago horra doaz, gutxienez. Ez dakit nahikoa den edo ez, baina kontua da, ba horixe, aktoreok, gidoilariok eta gainerakook horko produkzio propioetan lan egin beharko genukeela. Lehen askoz gehiago egiten zen ETBn, argi eta garbi, eta, gainera, egin ziren gauza onak, arrakasta handiarekin, baina orain ez dira egiten».