Alprojaren galtxagorriek Zetak-en 'Mitoaroa III' ikuskizunean hartuko dute parte

Erredakzioa 2025eko abenduaren 28a

Alproja antzerki taldearen galtxagorriak. (Guka)

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] Bi aldeak harremanetan ari dira oraindik, besteak beste, zenbat galtxagorri taula gainera igoko diren zehazteko eta Euskal Jai Eguneko antzerkian egiten duten errituala antzeztuko duten ala ez erabakitzeko. 

Zetak-ek Mitoaroa III ikuskizun distopikoa taularatuko du datorren ekainaren 19an eta 20an, Bilboko San Mames futbol zelaian. Emanaldi historiko hauen trilogia ixteko, euskal tradizioan eta folklorean sakontzen ari da Pello Reparaz, eta Zarautz Gukak jakin duenez, Alproja antzerki taldearekin harremanetan jarri da galtxagorriak ikuskizun gogoangarrian parte har dezaten.

Oraindik bi aldeak hitz egiten ari diren arren, ia-ia baiezkotzat jo daiteke Alprojako kideak Mitoaroaren hirugarren ataleko zatiren batean agertuko direla. Zehazteko dagoena da zenbat galtxagorri igoko diren taula gainera, eta  Euskal Jai Eguneko herri antzerkiaren hasieran egiten duten errituala antzeztuko duten ala beste zerbait egingo duten. Dena sekretupean ari dira egosten, normala den bezala, eta Alprojako kideek ez dute gauza askorik aurreratu nahi izan.

Kontatu dezaketen gutxi horretatik, adierazi dute jantziteria berria egingo dietela egoerarako, eta makillajea ere zertxobait aldatuko dutela. Ekaina bitartean euren kasa entseatu beharko dute Abendañoko lokalean, Zetak-eko zuzendari artistikoak pasatuko dizkien argibideekin, baina Aste Santutik aurrera entsegu orokorrekin hasiko dira ikuskizunean parte hartuko duten kide guztiekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide