Bide onetik doaz herriko sarrerako pintaketa eta seinaletika lanak

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 27a

N-634 errepideko ekialdeko sarreran, segurtasuna bermatzeko pintaketa berriak. (Zarauzko Udala)

Bide segurtasuna areagotzeko jarduketak egiten ari dira hilabete honetan N-634 errepideko ekialdeko sarreran, Orioko bidean. Eskuhartze horrekin amaitutakoan, Meagako igoeran jarriko dute arreta.

Herriko sarrera-irteeretan bide segurtasuna areagotzeko hainbat eskuhartze egiten ari da azkenaldian Zarauzko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Hilabete honetan, N-634 errepideko ekialdeko sarreran –Orioranzko bidean– pintaketa eta seinaletika lanak egiten ari dira, hala nola bi erraien banalerroa indartu dute, dragoi hortzak deituriko elementuak margotzen ari dira, eta seinaleak aldatuko dituzte, gidariek abiadura mugatu dezaten.
 
Guztira, hiru arreta-gune nagusitan egitekoak dira jarduketak. Uda aurretik, N-634 errepideko mendebaldeko sarreran (Getaria bidean) egin zituzten margoketa lanak eta seinaletika berria ezartzeko lanak, eta ekialdekoa bukatzen dutenean hirugarren arreta-gunean zentratuko dira esfortzuak: GI-2633 errepidean, Meagako igoeran. Azken jarduketa hori aurreko biak baino konplexuagoa dela aurreikusten da, eta Aldundia bertan egin daitezkeen esku-hartzeak aztertzen ari da.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide