Beti bezain maitakor iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 24a

17:30 aldera heldu dira Santuiturri plaza, eta berehala ilara luzea sortu da. Bi ikazkinek goxo hartu dituzte herriko haurrak, eta hauek beraien gutunak eman dizkiete.

Trikitilarien laguntzarekin iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Santuiturri plazara, 17:30 aldera, Iago Magoren ikuskizuna amaitzear zela. Auzoan zeuden guztiak agurtuz eta ilusioa herritarrengan barreiatuz etorri dira. Bi ikazkinak oholtza gaineko aulkietan eseri ahala, haurrez eta gurasoz osatutako ilara luzea sortu da, eta pazientzia handiarekin guztiekin egoteko tartea izan dute.

Neska-mutikoek beraien ametsen eta opari gustukoen eskariak egin dizkiete gutun bidez, eta Olentzero eta Mari Domingik hitz goxoak izan dituzte haiekin. Keinu maitagarriak izan dituzte  une oro haurrekin, besarkadak eta muxuak emanez, eta, nola ere, goxokiak ere banatu dituzte. 

Gaur gauean errutik izango dute lana bi ikazkinek: lehenik eta behin, gutun guztiak irakurri beharko dituzte, eta ondoren, etxe guztietara egingo dute bisita, gutunean idatzitako ametsak egi bihurtzeko asmoz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide