'Ciudad sin sueño' filma emango dute Saio Originalean

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 23a

La Cañada Realen (Madril, Espainia)kokatutako istorioa ondu du Guillermo Galoe zinemagile madrildarrak, eta gaur arratsaldean Mpodelo aretoan izango da ikusgai.

Guillermo Galoeren opera prima da Ciudad sin sueño filma, eta Canneseko zinema jaialdiko Kritika Astean estreinatu zen. Federico García Lorcaren Poeta en New York laneko poema batetik hartu du izenburua Madrilgo zinemagileak, eta 2024ko film laburrik onenaren Goya saria lortu zuen Aunque sea noche laneko pertsonaiak berreskuratu ditu ekoizpen honetarako. La Cañada Realen (Madril, Espainia) dago kokatuta, eta gaztarorako trantsizioari buruzko film bat da.

Toni 15 urteko mutil ijitoa da, eta Europako kokaleku irregular handienean bizi da, Madril kanpoaldean. Txatarreroen familia bateko kide izateaz harro, aitonari jarraitzen dio nonahi. Baina eraispenak bere lursailera hurbiltzen dira, eta aitonak uko egiten dio alde egiteari, sakrifizioa edozein dela ere. Elektrizitaterik gabeko gau ilunetan, bere haurtzaroko elezaharrek bizia hartzen duten bitartean, Tonik aukeratu egin behar du: etorkizun zalantzagarriari aurre egin edo desagertzen ari den mundu bati eutsi.

Ciudad sin sueño filma gaur arratsaldean izango da ikusgai Modelo aretoan, 19:30etik aurrera, Saio Originalaren barruan.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide