Zarauzko merkatuko egutegia banatuko dute bihartik aurrera

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 21a

Inaxio Illarramendi zinegotzia eta Merkatu Bizirik elkarteko kideak egutegiekin. (Zarauzko Udala)

Hilabetez hilabete merkatuan eros daitezkeen garaiko produktuak jaso dituzte egutegian. Udaleko Ingurumen sailak argitaratu du, Merkatua Bizirik elkartearekin lankidetzan, eta, guztira, mila ale banatuko dituzte.

Zarautzko Udaleko Ingurumen sailak, Merkatua Bizirik elkartearekin elkarlanean, 2026rako egutegia argitaratu du, eta bihartik aurrera Merkatu plazan doan eskuratu ahal izango da. Guztira, mila ale argitaratu dituzte, eta agortu arte banatuko dituzte.

Urte osoan merkatuan aurki daitezkeen garaiko eta bertako produktuei balioa eman nahi diote egitasmo honekin, eta bidez batez jarraipena eman urte honetan udalak garatutako Bertatik bertara eta garaian garaiko kanpainari. Hala, herritarrentzat erabilgarria, bisuala eta atsegina den egutegia sortu dute, eta hilabetez hilabete merkatuan eros daitezkeen garaiko produktuak jasotzen dituzte. Gisa horretan, kontsumo arduratsua sustatu, tokiko merkataritza babestu eta merkatuaren zein herritarren arteko lotura sendotu nahi dute.

Udalak positiboki baloratu du merkatuko kideekin elkarlanean egindako lanaz, haien "inplikazioa" eta "eguneroko lana" azpimarratuz. Inaxio Illarramendi Merkatuko zinegotziaren hitzetan, “egutegi honek gogorarazten digu garaiko eta bertako produktuak kontsumitzea aukera arduratsua izateaz gain, gure merkatua eta nortasuna zaintzeko modua ere badela”. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide