Kultura kontsumitzeko egungo ohiturekin ados egon ez, eta bestelako kontzertu formatu bat sortu dute Zarauzko (Gipuzkoa) Arraio irratiko Galdedebalde irratsaioko hiru kideek: Itxuan kontzertuak. Ikus-entzuleek soilik egunaren, lekuaren eta prezioaren berri jakinda erosten dituzte sarrerak, «itsu-itsuan», zer talde edo musikari entzungo duten jakin gabe. Kontzertuaren egunean, publikoa begiak itxita egoten da emanaldia hasi arte, eta lehen abestiaren lehen notekin batera deskubritzen dute zein den musikaria edo musika taldea. Xabier Uzin Perurena (Zarautz, 1989) Galdedebalde-ko partaideak xehatu ditu sortu duten formatuaren nondik norakoak.
Zergatik horrelako zerbait?
Gure artean [Galdedebalde-koen artean] komentatu genuen kultura kontsumitzeko egungo moduan —areto handienetan, futbol zelaietan, sarrerak aurrerapen handiarekin salduz, data bat bestearen atzetik iragarriz eta emanaldi guztietarako sarrerak bukatuta— albo batera geratu dela kulturaren muinean dagoen helburua: gozatzea.
Zer asmorekin abiatu duzue proiektua?
Ez dugu ezer asmatu: urte luzez norbanako eta eragile asko ibili dira eta dabiltza emanaldiak antolatzen eta oholtzak betetzen areto txikietan eta gaztetxeetan. Besterik gabe, iruditzen zaigu musikak esentzia galdu duela, eta hura berreskuratzeko proposatu dugu hau, jendeak musikaz goza dezan berriro. Nahi dugu gugana etortzen dena ez etortzea talde jakin bat modan dagoelako, eta jende guztia hara doalako, baizik eta esatea «ikus dezagun ea ze kontzertu dagoen, eta zer eskaintzen duten».
Eta hori nola lortu?
Sinplea da. Publikoari ez badiozu aldez aurretik esaten nork emango duen kontzertua, ziurtatzen duzu ez dela etorriko talde hori modan dagoelako. Egia da saiatzen direla asmatzen nork joko duen, baina niretzat misterio horrek dauka grazia. Gainera, sakelakoetako kamerak estaltzen dizkiegu, eta horrek ere ziurtatzen du jendea ez dela etortzen sare sozialetarako edukia sortzera, musika entzutera baizik. Eta Hiruputzu gaztetxean [Zarautz] egiteak beste zerbait gehitzen dio: musika areto txiki batean entzutea berezia da.