Santo Tomas egunaren harira, Salbatore Mitxelena Ikastolak Neguko Azoka antolatu du iganderako, eta herritar guztiekin ospatu nahi du. Duela hiru urte ikastolako estalpean eginiko talo tailer arrakastatsuan du jatorria egitasmo honek, baita iaz eginikoak izan zuen sendotzeak ere. Hasieratik herrira zabaltzeko asmoa aurten posible izango dute, eta Frontoi Txikin izango dira, 11:00etatik aurrera; guztira, 70 boluntario arituko dira lanean.
Neguko Azokaren baitan, talo tailerra egongo da eta norberak bere taloa egiteko aukera izango du, laguntzaleek gidatuta. Eskuak zikindu nahi ez dituenarentzat, berriz, talo postua egongo da, baita taberna ere. Era berean, DBH 4ko ikasleek postutxoa jarriko dute ikasbidairako sos batzuk ateratzeko, eta komunitateko kide batzuen herrialdeetako eta kulturetako postreak eskainiko dituzte. Horrez gaiz, herriko zenbait artisauk eta ekoizle txikik egindako lanak ikusteko eta dastatzeko parada izango da.