Jaiotza eta Olentzero eramangarrien lehiaketan izena emateko azken egunak

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 16a

Jaiotza eta Olentzero eramangarrien lehiaketen aurreko edizioko irudia. (Aritz Mutiozabal)

Ostegunean amaituko da epea. Ostiralean jada lanak Ebro Etxean aurkeztu beharko dira, eta aurkeztutako diseinu guztiekin erakusketa bat egingo dute larunbatetik astelehenera. Lan sarituak asteartean emango dituzte jakitera.

Artezaleak elkarteak Gabonetako Jaiotza eta Olentzero eramangarrien lehiaketa antolatu du, Zarauzko Udalaren babesean. Egitasmoa herriko haurrei, gazteei eta familiei zuzenduta dago, eta bertan parte hartzeko artezaleakzarautz@gmail.com helbide elektronikora idatzita eman behar da izena; epea ostegunean amaituko da. Izena ematerakoan, partaide guztien izen abizenak eta adina zehaztu behar da, baita taldearekin harremanetan jartzeko bidea ere; hau da, posta elektronikoa eta telefono zenbaki bat.

Antolatzaileek hainbat baldintza zehaztu dituzte. Alde batetik, lanen neurria 100 x 150 zentimetrokoa izango da gehienez ere, eta teknika guztiak onartuko dituzte. Lanak bakarka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira, eta kontuan hartuko dute haurrek beraiek egina izatea euren kategorietan; helduen laguntza nabarmena bada, ez dira sarietarako hautagai izango. Aitzitik, aurten kategoria berri bat egongo da: Familia saria, haur eta helduek batera egindako lanentzat.

Parte hartzaileek ostiralean aurkeztu beharko dituzte haien lanak Ebro Etxean, 17:00etatik 19:00etara, eta hurrengo egunetan erakusketa egingo dute lehiaketara aurkeztutako Jaiotza eta Olentzero guztiekin: larunbatean, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30etara; igandean, 11:00etatik 13:00etara; eta astelehenean, 17:30etik 19:30etara.

Sariak eta lanak asteartean jaso ahalko dira, hilaren 23an, 10:00etatik 12:30ra. Saridunak goiz horretan bertan iragarriko ditu Artezaleak elkarteak bere Facebook eta Instagram kontuetan, 10.00etan. Epaimahaiak materialen jasangarritasuna, obraren koherentzia, orijinaltasuna eta haurrek egina izatea baloratuko du sariak emateko orduan. 

Guztira, hiru sari banatuko dituzte: Gazte Saria 11 urtetik gorakoentzat, eta hauek 100 euroko bonoa jasoko dute Garoa liburu dendan edo eta Axuten erosteko; Haur Saria 10 urte artekoentzat izango da, eta hauek ere 100 euroko txartela lortuko dute Garoa liburu dendan edo eta Axuten erosteko; eta, azkenik, Familia Saria egongo da edozein adinetakoek guraso edo senideekin egindako lanentzat, eta irabazleek 100 euroko txartela eskuiratuko dute Garoan edo eta Axuten gastatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide