Urrezko bi domina eskuratu dituzte Zarauzko judokek Euskadiko txapelketan

Mireia Galarza Bastida 2025eko abenduaren 16a

Zarauzko judokak joan den asteburuko txapelketan. (Lizardi judo taldea)

Kadete Kopan ere dominak lortu zituzten zarauztarrek, bost, zehazki. Urtea amaitzeko, gradu azterketak egingo dituzte taldeko hainbat judokek. 

Joan den asteburuan jokatu zituzten Erandion (Bizkaia) judoko Euskadiko Junior Txapelketa eta Kadete Kopa. Bertan, Lizardi judo klubeko kideak beren sasoi ona erakusteko gai izan ziren, eta hainbat domina eskuratuta itzuli ziren etxera. 

Alde batetik, Junior Txapelketan lau domina eskuratu zituzten Zarauzko ordezkaritzak. Protagonista nagusiak Nahia Arregi (-57 kg) eta Isabela Avila (-70 kg) izan ziren, Euskadiko txapeldun bilakatu baitziren urrezko dominak eskuratuta. Maider Ojedak (+78 kg) zilarrezko domina lortu zuen, eta Johana Floresek (-57 kg) brontzezkoa. -48 kg kategorian, Itxaso Manzanasek ez zituen bere bi kanporaketako borrokak gainditu, eta dominetatik kanpo geratu zen. Emaitza horiei esker, Nahia Arregi, Maider Ojeda eta Isabela Avilak Espainiako Txapelketarako sailkapena lortu dute, sektore fasean, datorren urtarrilaren 17an Monzalbarban (Zaragoza, Espainia) jokatuko dutena.

Kadete Kopara Zarauzko klubeko zazpi judoka aurkeztu ziren, zehazki, lau mutil eta hiru neska, eta guztira, bost domina erdietsi zituzten, maila handiko jarduerak osatu ondoren. Emaitzei dagokienez, Isabela Avilak (-70 kg) eta Martxel Eizaguirrek (-81 kg) zilarrezko dominak eskuratu zituzten; eta Johana Flores (-57 kg), Itxaso Manzanas (-44 kg) eta Iñaki Goenaga (+90 kg) berriz, brontzezko dominarekin igo ziren podiumera. Iñigo Osa (-73 kg) eta Unax Arzallus (-55 kg) ez ziren kanporaketak gainditzeko gai izan, nahiz eta entrenatzaile taldeak haien jarduna "oso positibotzat" baloratu.

Urteko azken hitzordua

Lehiaketa urtea amaitzeko, klubarentzat garrantzi handiko beste hitzordu bat izango da larunbatean: gradu azterketak. Donostiako arte martzialen aretoan egingo dira, eta bertan Lizardi judo klubeko sei kirolarik hartuko dute parte urtebete baino gehiagoz maila aldaketa prestatzen aritu ondoren.

Gerriko beltzaren lehenengo Dan mailako hautagaiak dira Irati Aramendi, Iñigo Osa, Aran Sarasola eta Lander Rezabal;  bigarren Danekoa Lore Austing; eta hirugarrenekoak Beñat Villanueva. Guztiek zutikako judoa, lurreko judoa, katak eta judoko oinarriak arloetan duten ezagutza tekniko eta praktikoa erakutsi beharko dute, klubarentzat oso urte bizi eta positibo bati amaiera bikaina emateko. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide