Yorgos Lanthimosek zuzendutako zientzia-fikziozko komedia film bat da Bugonia, eta gaur arratsaldean, 19:30ean, Saio Originalean ikusteko aukera izango da, Modelo aretoan; jatorrizko hizkuntzan emango dute, gaztelaniazko azpitituluekin.
Jang Joon-Hwan hego korearrak 2003an ondutako Save the Green Planet! filmaren bertsio berritua da izatez, baina kasu honetan Will Tracyren gidoiarekin. Aktore taldea ondorengo hauek osatzen dute: Emma Stone, Jesse Plemons, Aidan Delbis, Alicia Silverstone, Stavros Halkias eta Vanessa Eng.
Kontakizunari dagokionez, bi gazte konspiranoikok konpainia handi bateko presidente boteretsua bahitzen dute. Bahiketaren arrazoia zera da: gazte horiek erabat sinetsita daude konpainiako burua benetan Lur planeta suntsitzeko erabakia duen estralurtar bat dela.
Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiko sail ofizialean estreinatu zuten filma, eta Donostiako Zinemaldian ere eman zuten ondoren. Montclair Film Festivalean, berriz, gidoi onenaren saria bereganatu zuen.