Santotomasetako jokoen astea egingo du Udaberrik

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 14a

Xake ekitaldia Udaberrin. (Udaberri elkartea)

Bihartik hasi eta abenduaren 19ra hainbat joko antolatu ditu goizez zein arratsaldez. Azken egunean, zozketa, sari banaketa eta txistorra jana izango dute.

Aurreko urteetan bezala, Udaberri jubilatu eta pentsionisten elkarteak jolasen astea antolatu du Santo Tomas egunaren bueltan. Hori horrela, abenduaren 15etik 19ra, makina bat jardueraz gozatzeko aukera izango dute goizez nahiz arratsaldez, elkarteko patioan zein tabernan. 

Bihar eta asteazkenean, 10:00etatik 12:00etara, ondorengo jokoetan arituko dira: petanka, futbolina, dardoak, ping-ponga, toka eta igela. Astearte eta ostegun arratsaldetan, berriz, mahai jokoen txanda izango da, hau da, musean, seietara, erratzara eta xakera jokatuko dute; 16:00etatik aurrera ariko dira, tabernan. Izena emateko aukera astean zehar izan dute interesdunek; eta txapelketa egunetan ezin izango da izenik eman.

Azken egunean,  datorren abenduaren 19an, 12:00etan, Udaberriko Abesbatzak abestuko du eta, ondoren Gabonetako Saskien zozketa egingo dute, jokoetako sariak banatuko dituzte eta txistorra dastatzeko aukera izango dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide