Antxine Mendizabalek 'Katona' liburua aurkeztuko du Garoan

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 12a

Antxiñe Mendizabal, 'Katona' liburuarekin. (Urretxu.eus)

Bigarren nobela argitaratu du idazle eta editore zumarragarrak, Consonni argitaletxearen eskutik, eta gaur arratsaldean ariko da argitalpenaren nondik norakoak kontatzen. Oraingoan, egunerokoaren eta fantasiazkoaren arteko kontakizuna ondu du.

Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarrak Katona eleberria argitaratu du Consonni argitaletxearen eskutik, eta gaur arratsaldean Garoa liburu dendan aurkeztuko du, 18:30etik aurrera. Ekitaldian, gainera, Dorleta Kortazar eta Ainhoa Aldazabal izango ditu bidaide.

Honakoa bere bigarren nobela du, eta Odolekoak estreinakoan ez bezala, onirikotik, fantastikotik eta magikotik jo du oraingoan. Eleberri berria bidaia espiritual bat da, amets eta sorginkeria artean idatzia. Maitasunari buruz eta maitasunaren kontakizunaz hitz egiten du, eta hartaz idazteko zailtasunaz dihardu: ahots propio baten bilaketa dago, begirada patriarkaletik urrun.

Eremu lausoa esploratzen du Mendizabalek, egunerokoaren eta fantasiazkoaren artean, kantu, olerki eta ipuinez osaturik, emakume desobeditzaileen hizkera baliatuta. Eta horren baitan, kristautasunaren eta euskal mitologiaren oihartzunak ditu.

Hain justu ere, horretaz guztiaz eta gehiagoz ariko da idazle eta editore zumarragarra gaur arratseko saioan. Ohi bezala, doako sarrera izango du, eta literaturzale oro izango da ongietorria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide