Zarauzko Korrika Batzordeak bilera egingo du ostiral honetan

Intza Trula 2025eko abenduaren 9a

23. Korrika, Zarauztik igarotzen. (GUKA)

Zarauzko AEK euskaltegiko lokalean egingo dute lehen bilkura, 16:45ean hasita. 24. Korrikaren xehetasunak azalduko dituzte bertan, eta egitasmoari lotuta Zarautzen egingo dituzten jarduerak zerrendatu eta banatuko dituzte.

2026ko martxoaren 19an Atharratzetik abiatuko da 24. Korrika, euskararen aldeko egitasmoa, eta Bilbon izango du helmuga, martxoaren 29an. Ekimena aurrera eramateko, ordea, beharrezkoa da herriz herriko antolakuntza; hain justu, Zarauzko Korrika Batzordeak ostiral honetan egingo du lehen bilera.16:45ean hasiko da saioa, Zarauzko AEK euskaltegiko lokalean, eta herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera.

Bertan, 24. Korrikaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango du jendeak, baita Zarautzen egingo diren jardueren eta ekitaldien zerrendaren berri izateko ere. Era berean, datozen hilabeteetan herrian egin beharreko lanak zerrendatzea eta banatzea ere aurreikusi dute.

Hala, Zarauzko Korrika Batzordeak azpimarratu nahi izan du herritar guztien ekarpena eta ahalegina "beharrezkoak" direla 24. Korrika egiteko. "Denon parte hartzeaz lortu daiteke Euskal Herri euskalduna, euskararen lekukoa Atharratzetik Bilbora guztion esku eta oinei esker eramango dugu", gehitu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide